Pili Irazabal omendu dute Hika Egunean

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 20a

Bosgarrenez egin duten Hika Egunak izen propio bat izan du; duela urtebete hil zen Pili Irazabal euskaltzalea, hain zuzen. Hura omentzeko ekitaldia egin dute, kantuekin, bertsoekin eta irakurraldi ederrekin. Haren ahizpa Aurita Irazabali, halaber, lore-sorta bat oparitu diote.

Ingo Xonau! taldeak antolatuta, bosgarrenez egin dute Hika Eguna eta gaurkoa berezia izan da, iaz hil zen Pili Irazabal euskaltzalea omendu baitute. Askotariko talde eta elkarteetan aritzen zen Irazabal eta horietako hainbat ordezkarik hartu dute gaur hitza Idoia Etxeberriak aurkeztu duen ekitaldian, hura gogoan izateko.

Familiaren izenean, Iñaki Galdosek egin du berba eta, ostean, Txantxiku Ikastolako lankide ohiek bertsoak kantatu dizkiote. Odol-emaileen taldearen izenean, lagun-min zuen Arantxa Agirrek hitz politak eskaini dizkio eta Arantzazu Sagarzazuren txanda izan da ostean, haren ikasle ohi eta Ingo Xonauko kideak bertso musikatu batzuk kantatu ditu.

Horren ostean, Pake Lekuko euskara taldearen izenean, Antonio Alonsok egin du berba, poema bat errezitatuz eta Malen Imazek, azkenik, irakurle taldearen bozeramaile lanak egin ditu gaurko ekitaldian. 

Bukatzeko, Ane eta Jon Irazabal ilobak musikari lanetan aritu direla, Pantxoa eta Peioren Azken dantza kantua abestu dute plazan egon diren guztiek, eta talde-argazki bat atera dute ostean. 

Hika-poteoa egin ondoren, Iturritxo jatetxean bazkaldu dute eta, 19:00etan, EinGo taldearekin ibiliko dira herriko kaleetan zehar kalejiran, Boga tabernatik hasita.

Erlazionatuak

Pili Irazabali omenaldia, argazkitan

Eneko Azurmendi Barrena eka 20, 16:16 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak