Inoizko pilotari kopuru handienarekin bukatu du denboraldia Aloña Mendik

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 20a

Denboraldiari bukaera emateko ospatu dute Pilota Eguna; kategoria bakoitzeko finalak jokatu zituzten lehenengo, eta afari-merienda egin zuten gero.

108 pilotarik osatzen dute saila gaur egun; inoizko kopuru handiena. Hori bat dator Aloña Mendiko pilota sailean ezartzen duten helburuarekin. "Gure helburu nagusia da Oñatin euskal pilota egotea. Horretarako pilotariak behar ditugu eta gaur egun inoizko kopuru handienarekin ari gara", adierazi du saileko presidente Asier Guridik. Denboraldia borobiltzeko, kategoria bakoitzeko finalak jokatu zituzten baina, emaitzetatik harago, "pilotari guztiak elkartzeari" ematen diote balioa Aloña Mendikoek. 108 pilotari kudeatzeak "lan handia" eskatzen du, eta horren bueltan dihardutenen esfortzua gabe ezinezkoa litzatekeela dio Guridik: "Entrenatzaileak behar dira, frontoia ere aste osoan behar izaten dugu... Eskerrak zortzi pertsonako batzorde bat dugula eta guztiok lan egiten dugula".

Balorazio positiboa

"Esku pilotan jokatzea eta jendea gustura egotea" dira sailaren helburu nagusiak, eta aurtengo denboraldia ikusita "balorazio positiboa" egiten dute ordezkariek. "Neurtzeko erabiltzen dugun termometroa da jendeak gurean jarraitzen duela eta ez duela pilota uzten. Seinale ona da hori eta erakusten du jendea motibatuta dagoela", dio Guridik.

Bestalde, urteko sasoi honetan pilota elkarte guztien egutegian gorriz markatutako txapelketa izaten da Herriartekoa. Bada, Aloña Mendiren erronka nagusia da "urtetik urtera txapelketa horretarako taldea osatzeko aukera izatea; izan ere, herri guztietan ez da aukera hori izaten". Hortik aurrera, "helburua da poliki-poliki hobetzen joatea eta emaitza hobeak lortzea, helburu nagusia ahaztu gabe", adierazi du Guridik.

Pilota Eguneko finalak

Honako hauek dira Pilota Egunean jokatutako finalen emaitzak:

  • Nagusien kategoria: Mikel Ugarte 18-16 Manex Madinagoitia.
  • Jubenilen kategoria: Iker Rodriguez 18-5 Markel Beitia.
  • Kadeteen kategoria: Mikel Egurbide 18-1 Manex Cristobal.
  • Infantilen kategoria: Jon guridi 16-2 Aner Mugarza.
  • Alebin federatuen kategoria: Peru Ibarzabal 16-9 Ekain Lizarralde.
  • Pilota eskolako alebinak: Lucas Gorostiaga 16-8 Mattin Sarriegi.
  • Pilota eskolako 5. maila: Hegoi Lopez 16-13 Oier Aranburu.
  • Pilota eskolako 4. maila: Peio Altuna 16-2 Danel Palacin.
  • Pilota eskolako 3. maila: Aitor Mugarza 16-6 Jon Otxoa-Aizpurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak