Herriko kaleak kulturaz beteko dira, beste urte batez, Kalean egitasmoari esker

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 19a

Egitarauaren barruan egingo duten 'Welcome & sorry' antzerkia. (Argazkia: Ganso & Cia)

Bederatzi kultur ekintza jasotzen ditu aurtengo egitarauak. Atzo izan zen lehen hitzordua, musika eskolako ikasleen kontzertua, eta hurrengoa asteartean izango da, herriko eragile ezberdinek parte hartuko duten udako solstizioaren jaia, 'San Juan sua'.

Beste urte batez, Kalean egitasmoa iragarri du Oñatiko Udalak. Aurtengo egitarauaren baitan, ekainaren 18tik abuztuaren 29ra bitarte bederatzi kultur ekimen izango dira ikusgai herriko kaleetan barrena. Atzo izan zen lehena, musika eskolako ikasleen kontzertua, Berdura plazan.

Zalantzan jartzea, "ezinezkoa"

Ez da kasualitatea urtez urte Kalean egitasmoak aurrera egitea. Oñatiko Udaleko Kultura batzordeburu Iñaki Olaldek azaldu duenez, herri mailan zalantzan jarri ezin den egitasmoetako bat da: "Asteguneko kultur eskaintza baten oinarritzen da, eta urtez urte jendearen erantzuna oso ona izaten da. Oñatin, momentu honetan, zalantzan jarri ezin den egitasmoetako bat da Kalean".

Horrenbestekoa da herritarren egitasmoari egiten dioten harrera, fidelizazio bat ere sortzen joan da denborarekin: "Kalean egitasmoak dagoeneko publiko fidela du, eta zerbait dagoenean joan egiten dira, zer dagoen kontuan hartu gabe. Akaso, batzuetan, ikuskizunaren estiloa ez da gustukoen dutena, baina, Kaleanen parte den heinean, gustura joaten dira. Askotan ikusten dugun zerbait da".

Kulturak kalea har dezan

Egitasmoaren helburua uda sasoiaren bueltan aste barruko kultur eskaintza bat egitea dela dio Olaldek. Horrez gain, eskaintza horrek kalea hartzearen garrantzia nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da kulturak kalea hartzea, dudarik gabe. Azkenean, kultura gure oinarrietako bat da, eta hori sustatu nahi dugu. Gainera, ahal den neurrian, euskarazko kultura izateari ere garrantzia ematen diogu".

Mundu guztiari bideratuta

Egitasmoaren zeharkako helburuetako bat normalean lekurik izaten ez duten diziplinak sustatzea izaten da. Ezohiko ikuskizun horiek ere harrera ona izaten dute, Olalderen iritziz: "Normalean, bestelako diziplinetan ere erantzun ona izaten dugu. Emaitzak eta jendearen balorazioa positiboak izaten dira beti. Egitasmoaren barruan musika ere izaten dugu, nahiz eta bestelako kontuei lekua ematen ahalegindu, gauza ezberdinagoak ekartzen". Era berean, adin guztiei irekitako egitasmoa da: "Publiko guztiarengana heltzea dugu helburu. Ikuskizun batzuk, akaso, ez dira haurrentzat egokienak, baina, horri buelta emateko, haurrek eurei bideratutako ekintza propioak dituzte".

Kalean egitasmoaren egitaraua

Ekainak 18

  • 18:00etan, Musika eskolaren ikasturte amaierako kontzertua, Berdura plazan.

Ekainak 23

  • 22:00etan, Udako solstizioaren jaia, San Juan sua, Olaitturrin.

Ekainak 26

  • 22:30ean, Oñati gure herria, Ganbara Faktoriaren ikuskizuna, Zumeltzegi Dorreko aparkalekuan.

Uztailak 1

  • 19:00etan, Gure galbaetik, Dorleta Kortazarren helduentzako ipuin ikuskizuna, Lazarraga lorategian.

Uztailak 8

  • 19:00etan, Garazi Esnaolaren kontzertua, Lazarraga lorategian.

Uztailak 15

  • 19:00etan, Aria taldearen kontzertua, Lazarraga lorategian.

Uztailak 22

  • 19:00etan, Besaide folk taldearen kontzertua, Lazarraga lorategian.

Uztailak 29

  • 19:00etan, Welcome & Sorry, Ganso&Cia konpainiaren kale antzerkia, San Martinen.

Abuztuak 29

  • 12:30ean, Piraten historio bat, Erre produkzioak konpainiaren haurrendako kale antzerkia, San Martinen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak