Aloña Mendiren 50. urteko ibilbidea aitortu du Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko ekainaren 19a

Atzo arratsaldean Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak denboraldi amaierako gala antolatu zuen Oñatiko Santa Ana Antzokian. Eskubaloiaren ahalegina, balioak eta arrakasta aitortzeko tartea hartu zuten.

Urtero denboraldi amaierako gala antolatzen du Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta atzo Oñatiren txanda izan zen. Giro bereziarekin hasi zen ekitaldia eta denboraldi osoan egindako ahalegina balioan jartzeko hitza hartu zuten: Arantxa Arzak, Eskubaloiko Federazioko presidenteak eta Roberto Ramajok, Gipuzkoako diputazioko kiroletako zuzendariak. 

Aloña Mendi eskubaloi klubaren aitortza

Galako momentu esanguratsuetako bat izan zen Aloña Mendi eskubaloi sailaren 50. urteurreneko aitortza. Federazioak omenaldi berezia egin zion Oñatiko klubari, mende erdiz Gipuzkoako eskubaloiaren "parte garrantzitsua" izan delako. Urte hauetan guztietan ehunka jokalari, entrenatzaile, boluntario eta familiaren lana ezinbestekoa izan dela nabarmendu zuten, baita klubak herrian izan duen errotzea ere. Aloña Mendik bost hamarkadatan zehar "prestakuntza, konpromisoa eta komunitatearekiko lotura" uztartu dituela adierazi zuten, eta gaur egun ere erreferente izaten jarraitzen duela lurraldeko eskubaloian. 

Aitortza ugari: memoria, goleatzaileak eta ligako txapeldunak 

Bestalde, hunkigarria izan zen, In Memoriam tartea. Denboraldi honetan zendu diren Gipuzkoako eskubaloiari lotutako hiru pertsona gogoratu zituzten bertaratutako guztien aurrean. Egindako ekarpena eta kirolarekiko erakutsitako konpromisoa eskertu zituzten, senide eta lagunei babesa helaraziz.

Arratsaldean zehar banatutako sarien artean, Inaki Cantero oñatiarrak Gipuzkoako Federazioaren zilarrezko garaikurra jaso zuen atzo. Eskubaloiko zuzendaritzako kideek jaso zuten haren ordez, ez zuen posible izan han egotea eta.  Bestalde, Arrasate Eskubaloik ere izan zuen bere lekua. Urrezko garaikurra jaso zuen klubarekin estuki lotutako Ines Aspiazu taldeko presidenteak, urte luzez eskubaloiaren alde egindako lanagatik. Pitxi ere gogoan izan zuten, taldeagatik egin zuen lan guztiarengatik. 

Sairen banaketak jarraipena izan zuen,  beste kirol aitorpen ugarirekin. Esaterako Ana Mary Kreye saria Gipuzkoako emakume arbitroen kolektiboari eman zioten, eskubaloian emakumeen presentzia sustatzeko egindako lana aitortuz eta federazioaren saria,  Imanol Alvarezentzat izan zen.

Galaren azken zatian goleatzaile nagusien sariak banatu zituzten kadete, gazte maila, lehen lurraldeko eta bigarren lurraldeko kategorietan. Tartean izan zen Unax Aranburu, Aloña Mendi taldeko lehen lurralde mailako jokalaria. Bukatzeko, denboraldiko txapeldunordeak eta txapeldunak igo ziren agertokira, garaikurrak jasotzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak