Maialen Lujanbiok egindako hitzen performancea Oñatin lurreratuko da

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 19a

Maialen Lujanbiok 'rr_6_ erre(AH)ala' emanaldia egingo du gaur, 22:00etan, Antixeneko gaztetxean. Sarrera arrunta zortzi euro dira, baina langabe zein ikasleek hiru eurotan eskuratu ahalko dituzte.

2018an egin zuen Maialen Lujanbiok lehen aldiz RR emanaldia, eta, geroztik, emanaldiari hainbat moldaketa egiten ibili da. Seigarren bertsioarekin ari da egun lanean, rr_6_ erre(AH)ala izena duena, eta, Aixotu euskara taldearen eskutik, Antixeneko gaztetxera helduko da gaur, 22:00etan. Sarrera arruntek zortzi euroko prezioa izango dute, baina langabeek eta ikasleek hiru eurotan eskuratzeko aukera izango dute.

Hitzak, performance gisa

Emanaldia "hitzen performantzea" bezala deskribatzen du Lujanbiok, eta errezitaldi guztiaren oinarria hitzak eta hizkuntza direla nabarmendu du: "Emanaldiak lengoaia du lehengai". Hala ere, hizkuntzaren elementu hori hainbat euskarriren bidez jorratuko du: "Hitz esanak eta kantatuak, ahozkoak eta idatziak, ikustekoak eta entzutekoak". 

Garaiko gaiak jorratu ohi ditu bertsolari hernaniarrak emanaldian zehar, eta bide horretan sortutako soinuek pantaila baten bidez erakutsitako proiekzioak izango ditu lagun. Honela laburbildu du egileak bere emanaldia: "Maialen Lujanbioren eztarritik, errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus-entzutekoa da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak