Apirilean amaitu zuten Burrunda faktoriako kideek seigarren denboraldia. Hala ere, "estra" berezi bat egingo dute domekan, hilak 21, Antixeneko gaztetxean. Horretarako, Colectivo de Peruanxs en Euskal Herria elkartearekin ibili dira elkarlanean. Egun osoko egitaraua antolatu dute, non musika perutarra izango den protagonista.
Goizetik martxan
Peruko musika tropikalaren inguruko hitzaldi batekin hasiko da egitaraua, 12:00etan. Ondoren, alor teorikotik praktikora egingo dute jauzi eta kaxoi afroperutarraren oinarrizko tailerra izango dute. Egitaraua jarraitzeko, bazkaria egingo dute, 14:00etan. Bazkarirako izena emateko epea bihar amaituko da, eta Arrano tabernan eman beharko da.
Musika, mojitoak eta janaria
Pantx Records kolektiboaren binilo-saioarekin hasiko dute arratsaldea, 16:00etan. Antixeneko terrazan izango da, eta, ohiko edariez gain, mojitoa eta pisco sour-a dastatu ahalko dira. Janari perutarraz gozatzeko aukera ere izango da. Pantx Recordseko kideek euskal kantak eta kanta jamaikarrak uztartuko dituztela zaldu dute: "Antixenan selektore arituko gara, eta ska, rock steady eta reggae musika estiloak nabarmenduko dira. Euskal Herriko kantak eta Jamaikako kantak uztartuko ditugu. Eta publiko anitza denez, kanta originalak eta beren bertsioak jarriko ditugu; horrela, kanta batzuk nondik datozen ezagutaraziko dira".
Eguna borobiltzeko, Limako (Peru) Olaya Sound System taldeak kontzertua joko du, 18:00etan. Euskal Herrian emango dituen bi kontzertuetako bat izango da, eta sarrerak 5 euroko prezioa izango du. Taldeko kideek azaldu dutenez, Antixena dantzaz eta psikodeliaz betetzeko asmotan helduko dira Oñatira: "Dauzkagun 6 diskoetako abestien aukeraketa berezia egingo dugu. Horrez gain, Peruko abesti kreoleak, cumbia klasikoa eta bertsio sorpresa batzuk ere presente izango ditugu. Nahi beste psikodelia eta dantza egongo da Euskal Herriko gure lagunentzat".