Aierten 'Arriskuaz larrutan' EPa, "epika iraultzaileen ekarpena" egiteko asmoz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko ekainaren 19a

Aiert, argitaratu berri duen EParen grabaketaren une batean. Izar Mendiola

Soinu 'minimal' eta zinematografikoa duten bost kantu bildu ditu lan berrian.

Oso gazte zela ekin zion Aiert Alberdik musika ibilbideari, eta hortik sortu eta garatu duen arren gaur musikarekiko duen hurbiltasuna, erabat aldatu du artea eta musika ulertzeko eta egiteko duen modua. "2024ko azaroan argitaratu nuen Somateka diskoarekin formalizatu nuen proiektua, eta inoiz baino gehiago pentsatzen eta erabakitzen dut orain egiten dudan musika; inoiz baino indartsuago sentitzen dut musika. Egiteko modua aldatu du horrek, noski, orain arte ikasitako guztia oinarri hartuta", dio musikariak.

Bost kantu berri

Arriskuaz larrutan bigarren EPa argitaratu du. "Soinu minimal eta zinematografiko ugari ditu, ahots xuxurlatuak eta hitzak. Nik sortutako eta idatzitako kantak dira oinarrian, baina badira Gata Cattana eta Itziar Ziga militante politikoen hitzak ere. Arriskuaz larrutan genealogia horien aitortza da, eta gaurko testuinguruan haien ausardiarako deiaren hedapena. Modu horretan, bestelako epika iraultzaileen eraikuntzaren ekarpen bat da EP berria".

Bideo formatuan argitaratuta

Urtarrilean hasi zen, Urtzi Izaren laguntzarekin, grabatzen, Bilboko Errekalde auzoan. "Urtzi arduratu da grabaketaz, ekoizpenaz eta masterizazioaz, eta bion artean eman diegu norabidea kantuei". 

Ez zuen bideo formatuan egiteko asmorik, baina proiektuaren soinuak bide horretara eroan zuela dio: "Potentzial estetiko handia zuela antzeman nuen; soinuarekin epika intimo edo intimitate epikoa sortzea lortu genuen, eta intimitate hori gorpuztu beharra zegoen. Batez ere, ez nintzelako intimitate indibidual, despolitizatu eta hauskorraz ari; arriskuaren intimitate batez ari nintzen, intimitate zikinaz eta publikoaz. Horregatik guztiagatik grabatu genuen komun publiko batean. Hori gorpuzteko, bideo-performance antzeko zerbait egin dugu Izar Mendiolak eta biok, espazio bat hartu eta bost kanten irudia grabatuz. Aurrez aipatu ditudan militanteen bisualak ere proiektatu ditugu: Lemebel idazle komunistarenak, Itziar Ziga militante transfeministarenak eta Gata Cattanarenak, besteak beste. Julia Burubelarrek egin ditu EParen eta singlearen irudiak. Spotifyn izan ezik, plataforma digital askotan aurkituko duzue".

Bihar, Iruñean

"Gustura" dago eta "jendeak diskoari aukera bat ematea gura luke"; bada, Iruñeko Plazeratu Kluben izango da bihar. "Izarren bisualekin, gitarrarekin eta tresneria sinple batekin izango naiz taularen gainean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak