Xabier Alvarez de Eulateren lanen erakusketa eta hitzaldia Arantzazun

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko ekainaren 18a

Xabier Alvarez de Eulate Oliteko komentuan zuen tailerrean. Argazkia: Arantzazuko Adiskideak

70 urte bete dira aurten Arantzazuko basilikako beirateak jarri zituztenetik, eta, urteurrenaren harira, Arantzazuko Frantziskotar Probintziak eta Arantzazuko Adiskideak Elkarteak, "artistaren figura eta lana aintzat hartzeko helburuarekin", komentuko klaustroan erakusketa monografikoa prestatu dute. 

LUX VITAE izena duen bilduma ekainaren 28ra bitartean egongo da ikusgai, asteburuetan: zapatuetan 11:00etatik 13:00etara eta domeketan 11:00etatik 14:00etara; sarrera dohainik da. "Eulateren sormen etapa nagusietan zehar ibilbide berezia proposatzen du, artistaren pintura adierazgarrien sorta bat bilduta, artistaren bizitzari eta espiritualtasunari estuki lotutako testuinguru aproposean haren obra sakonago ulertzeko", azaldu dute antolatzaileek.

Arantzazuko komentuan dagoen Xabier Alvarez de Eulatek  egindako beiratea. Argazkia: A. A.

Hitzaldia zapatuan

Eulateren lagun Juan Ayesta artistak haren artea ulertzeko hainbat argibide emango ditu bihar, zapatua, komentuan, 10:30ean hasita egingo duen hitzaldian. Interesa duenak aldez aurretik izena eman behar du, adiskideak@arantzazu.org helbidera idatzita edo 688 61 38 40 telefonora deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak