Oñatiko Zubikoa kiroldegian jokatu dute zapatuan futboleko Euskadiko kopa, adimen-desgaitasuna duten jokalariek. Zazpi elkartetako –sei bizkaitarrak eta bat, Atzegi, gipuzkoarra– hamasei talde lehiatu dira. Urrian hasitako denboraldian zehar hamabi jardunaldi jokatu dituzte eta denboraldiko azken partidua izan da Oñatikoa: Euskadiko kopa.
Bi kategoriatan lehiatu dira, zortzi talde bakoitzean, eta hamabi minutuko bi zati jokatu dituzte partidu bakoitzean, batzuk Zubikoako kantxa berdean eta beste batzuk urdinean. Kirol egokituko euskal federazioko zuzendari teknikoa den Asier Santiagok azaldu duen moduan, goizean zehar kanporaketak jokatu zituzten, eta arratsaldean finalaurrekoak eta finalak. Lehenengo kategorian edo mailan Gorabide A taldea izan zen txapelduna eta Atzegi A taldea bigarren sailkatua; bigarren kategorian, Geu Be taldea izan zen irabazlea eta Gorabide C taldea azpi txapelduna.
Oñatiko instalazioak aproposak
Pasa den maiatzaren 17an jokatu zen Zubikoan bertan eskubaloi egokituko Euskadiko kopa eta kirol egokituko euskal federazioak orduan ikusi zuen Zubikoa toki aproposa zela futboleko kopa ere han jokatzeko: "Bi kantxa ditu bata bestearen ondoan, eta taberna ere bertan. Denak daude konektatuta, lotuta, eta hori oso aproposa da guretako. Aloña Mendirekin jarri ginen orduan harremanetan, gure nahia adierazteko. Ez ziguten inolako arazorik jarri eta eskubaloi sailekoek areto futbolekoekin jarri gintuzten harremanetan, txapelketa lotzeko. Esperientzia oso ona izan da", adierazi du Santiagok.
Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia hurrengo erronka
Kirol egokituko euskal federazioak antolatuta, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia izango da parte hartuko duten hurrengo kirol hitzordua. Uztailaren hirugarren asteburuan izango da hori.