Bero sargoriko eguna izan bada ere, arazorik gabeko proba izan da gaur Oñatin jokatu dena. 83 txirrindulari batu dira Olakuako irteera puntuan, eta Oñatitik Bergarako bidea hartu dute eta handik, Udana igota, Telleriarten hartu dute buelta Oñatira itzultzeko. Udanara 30 txirrindulariko taldea heldu da, baina Arregiko igoran hautsi da lasterketa eta azkenean, seiko talde bat batera heldu da helmugara.
Xuban Gorroño nagusitu da sprintean, bigarrena izan da Daniel Diaz, eta hirugarrena Aloña Mendiko Aimar Irizar oñatiarra. Denbora berean sartu dira metan Bolintxo Okindegia-Lana taldeko Aratz Larrañaga aretxabaletarra, eta bosgarren, Aloñako Enzo Elizburu oñatiarra.
Etxean antolatutako lasterketa izan da Aloñarendako; izan ere, Mendiko sailkapenean garaile izan da Enzo Elizburu, eta taldekako garaipena ere, eurendako izan da.