RenHacer jaialdiak musikaz eta solidaritatez beteko du bihar, ekainak 13, Arantzazuko Santutegia. Columbus Fundazioak antolatutako jaialdia bosgarrenez helduko da bertara, eta helburua CTNNB1 sindromearen ikerketarako dirua batzea izango da; zehazki, sindromea duten haurrekin lehen entsegu klinikoa egin ahal izateko.
Puntako bi emanaldi
RenHacer jaialdia bere lehenengo ediziotik joan da Arantzazuko Santutegira, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Puntako bi emanaldi izango dira aurtengo edizioa. 12:00etatik 13:30era, matinée saioa egingo dute. Arantzazuko kriptan izango da, eta txelo kontzertu bat izango du oinarri. Sarrera hamabost euro da, eta feverup.com atarian eskuratu daitezke horiek.
Arantzazuko basilikan izango da ekitaldi nagusia, 19:00etatik 20:30era. Bertan, Gabriel Faureren Requiema eskainiko du Donostiako orfeoiak, Ignazio Arakistain organo-jole azpeitiarraren laguntzarekin. Sarrerak hiru gunetan banatu dituzte: A guneko sarrerek eta Koruaren guneko sarrerek 40 euroko prezioa dute, eta C gunekoek hamabost eurokoa. Guztiak feverup.com atarian daude salgai.