Bergaratik Oñatira egingo dute jauzi bailarako trikitien eta panderoen hotsek

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 12a

Albistegi eta musikaka eskolako ikasleak lekukoa jasotzen. Goiena

Lizargarate eta musika eskola dabiltza 2027ko Trikitixa Eguna antolatzen, elkarlanean. Lehen urratsak emanak dituzte dagoeneko, eta horren adibide da eguna iragartzeko egin duten 'Galdera horrekin lo' kantua. Antolakuntzarako laguntza beharra izango dutela nabarmendu dute.

Maiatzaren 30ean ospatu zuten Debagoieneko 21. Trikitixa Eguna, Bergaran. Bertan iragarri zen Oñati izango dela 22. edizioa antolatuko duen herria. Lizargarate elkarteak eta Jose de Azpiazu musika eskolak izango dute eguna antolatzeko ardura.

2027ko Tikitixa Egunerako prestaketa lanak martxan daude dagoeneko

Debagoieneko trikitilari eta pandero-joleen elkargune funtzioa betetzen du finean Trikitixa Egunak, eta horrelako egitasmoak garrantzitsuak direla uste du Lizargarate elkarteko kide Mikel Albistegik: "Zortzi urterekin hasi nintzen trikitia jotzen ikasten, eta egun hau beti izan da elkargune garrantzitsu bat. Niri betidanik gustatu zaidan egun bat da, eta esango nuke egun ikasten dabiltzan gazteentzat ere horrela dela. Izen handiko trikitilariak etortzen dira eta zurekin jotzen dute, zure maila berdinean jarrita.

Lekukoa esku artean

Lekukoa elkarri pasatuz irudikatzen dute herri aldaketa Trikitixa Egunean. Bergaran Lizargarateko kidea eta musika eskolako ikasleak igo ziren lekukoa jasotzera, eta Albistegirentzat une oso polita izan zen: "Momentu oso berezia izan zen. Ikasle asko daude trikitia ikasten momentu honetan, eta hauek karpa osoa beteta zegoen une batean lekukoa hartzera igotzeko aukera izatea oso polita izan zen".

 

Bergararrek azken lekuko aldaketa hori antolatzeko modua goraipatu du: "Bergarak oso ondo antolatu zuen. Aurretik bertsoak izan ziren, eta oso ondo egon zen. Gainera, lehen, lekuko aldaketa geroago egiten zen, eta jendea herrian zehar sakabanatuta egoten zen. Aurten, berriz, goizean goiz izan da, eta karpa beteta zegoen".

Antolakuntza lanetan

Asko falta den arren, dagoeneko antolakuntza lanetan murgildurik daudela dio Albistegik, eta lan asko dakarrela nabarmendu: "Horrelako zerbait antolatzeak lan handia du atzetik". Oñatiren kasuan, Lizargarateren eta musika eskolaren artean antolatuko dute eguna: "Oñatin Lizargaratek eta musika eskolak antolatzen dugu, elkarlanean. Lanak banatuta ditugu, haiek rol bat dute eta guk beste bat. Elkarte barruan ere lanak banatuta ditugu gure artean. Asko falta da, baina lan ugari dago egiteko".

2017ko Trikitixa eguna, Oñatin.

Oñatin, bigarrenez

2017an ospatu zen azkenengo aldiz Trikitixa Eguna Oñatin. Eguna antolatzen zen hamahirugarren aldia zen, eta urte hartako oroitzapen politak ditu Lizargarateko kideak: "Azkenengo aldiaren oso oroitzapen onak ditut. Eguraldi ona egin zuen eta jende asko izan zen bertan. Gogoan dut auzolan oso handia egon zela urte hartan, jende pila bat egon zen laguntzen: elkarteko kideak, musika eskolako jendea eta herritarrak ere bai". Aurten ere jende beharra izango dela azpimarratu du: "Egun polita irten zen urte hartan, eta honetan ere jende askoren beharra izango dugu".

'Galdera horrekin lo'

22. Trikitixa Egunak berrikuntza handi bat du dagoeneko, aurkezpen kantu bat. Galdera horrekin lo du izena, eta ideia zoro bat izan zela dio Albistegik: "Taberna giroan ideia tonto samar bat izan genuen: zergatik ez egin Oñatiko Trikitixa Egunerako kantu bat. Ideia zoro bat zen arren, jende guztiak ideia ona zela esan zuen".

'Galdera horrekin lo' abestiarekin iragarri dute eguna, eta entzungai dago plataforma guztietan

Bilera batera eraman zuten gaia, eta guztia gorpuzten joan zen: "Bileratara eraman genuen ideia, eta gorpuzten joan zen. Pentsatu genuen Euskal Herrian egun garrantzitsuek, Kilometroak, esaterako, kantu bat izaten dutela aurretik, nahiz eta gu ezin garen horrelako egun batekin alderatu". Kantuaren atzetik lan handia egon dela nabarmendu du oñatiarrak, eta lehen urratsak Bergaran ospatutako Trikitixa Egunaren aurretik eman zituztela: "Abestia Bergarako eguna baino lehenago hasi ginen egiten, eta lan asko egon da atzetik". Bergaran bertan aurkeztu zuten lehenengoz kantua, eta dagoeneko plataforma guztietan entzun daiteke.

Trikitiaren mundua indartsu

Trikitiaren mundua Oñatin ez ezik Euskal Herri osoan indartsu dagoela uste du Albistegik. Honen atzean trikitiak sare sozialetan duen presentzia dagoela uste du: "Esango nuke Oñatin, zein Euskal Herri mailan indar handia hartu duela trikitiak, eta sare sozialen eraginez izan dela uste dut. Lehen trikitia gune konkretu batzuetan entzuten zen bereziki, baina ez zuen hedapen gehiegi. Orain, sare sozialekin guztia eguneratu da, eta trikitia ez da salbuespena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak