Ulma Taldeak bere historiako salmenta bolumen handiena lortu du 2025ean. Oñatin egindako Batzar Nagusian aurkeztutako datuen arabera, talde kooperatiboak 1.238,9 milioi euroko salmenta konpilatuak izan zituen, aurreko urtean baino %7,6 gehiago. Emaitza horiek, merkatuetako gorabeherek, tentsio geopolitikoek eta Estatu Batuetako muga-zergen politikek markatutako urte batean iritsi dira. Taldeak nabarmendu duenez, bere jardueraren "dibertsifikazioak" eta "nazioarteko presentziak" lagundu dute hazkundeari eusten.
Irabazietan beherakada
Salmentek gora egin duten arren, errentagarritasun adierazle batzuek beheranzko joera izan dute. Ulma Taldearen EBITDA 211,2 milioi eurokoa izan da 2025ean; aurreko ekitaldian baino %6,4 txikiagoa. Irabazi garbia, berriz, 94,8 milioi eurotan kokatu da; %13,7ko jaitsierarekin. Taldearen arabera, kostuen igoerak, nazioarteko ziurgabetasunak eta Ipar Amerikako merkatuan ezarritako muga-zergen politikek eragin dute marjinen gaineko presio hori.
Salmenten banaketari dagokionez, Espainiako merkatua taldearen fakturazioaren %31 izan da; gainerako %69a atzerriko merkatuetatik etorri da, batez ere Europatik. "Ekitaldi honetako emaitzek erakusten dute gure proiektuak indarra duela eta testuinguru bereziki exijente batean aurrera egiten jarraitzeko gai garela, epe luzera bideratuta dagoen eredu kooperatibo sendo batean oinarrituta", azaldu du Ulma Taldeko zuzendari Aitor Ayastuyk.
124,5 milioiko inbertsioak
2025ean 124,5 milioi euroko inbertsioak egin zituen Ulmak, batez ere, industria-gaitasuna handitzera, eraginkortasuna hobetzera eta etorkizuneko garapena sustatzera bideratutakoak. Era berean, taldeak 115 milioi euroko finantzaketa txanda itxi zuen. Horren barruan daude Europako Inbertsio Bankuarekin sinatutako 45 milioi euroko akordioa, Kreditu Ofizialeko Institutuarekin (ICO) eta Finantzen Euskal Institutuarekin (IVF) lortutako hitzarmenak, eta MARF merkatuan jaulkitako 20 milioi euroko bonuak. Ulma-ren finantza-egiturak ere sendotasuna erakutsi du, 0,81ko DFN/EBITDA ratioarekin.
"inbertsioak egiteko ahalegin handiak egin ditugula beti eta gure finantza egitura indartu dugula, gure hazkunde prozesuetan aurrera egiten jarraitzeko eta jasangarritasun, berrikuntza, modernizazio eta nazioarteko hedapenaren arloetan funtsezko inbertsioak bizkortzeko", adierazi du Ayastuyk.
Enpleguak gora egin du
Lanpostuetan ere hazkundea izan da. 2025ean 336 pertsona gehiago hasi ziren lanean Ulma-ren enpresetan, eta taldearen plantilla osoa 6.083 profesionalek osatzen dute gaur egun. Konpainiaren arabera, datu horrek garrantzi berezia du "talentua erakartzeko zailtasunak" dauden testuinguruan.
Bestalde, kooperatibak jakinarazi du 1,3 milioi euro bideratu dituela gizarte, kultura, hezkuntza eta komunitate arloko ekimenetara. Diru hori hainbat proiektutan erabili da, ingurunean eragin soziala eta garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
2026rako erronka: errentagarritasuna hobetzea
Datorren urtera begira, Ulma Taldearen helburua hazkundea sendotzea eta errentagarritasuna pixkanaka hobetzea izango dela azaldu du zuzendaritzak. Ayastuyren hitzetan, "ekitaldi honetako emaitzek erakusten dute gure proiektuak indarra duela eta testuinguru bereziki exijente batean aurrera egiten jarraitzeko gai garela". Bestalde, azpimarratu du finantza-egitura indartzeko egindako ahaleginak "hazkunde prozesuak, berrikuntza, jasangarritasuna eta nazioarteko hedapena bizkortzeko" balioko duela.
Taldearen lehentasunen artean daude, besteak beste, erreferentziazko merkatuetan hazten jarraitzea, marjinak berreskuratzea, inbertsio politikarekin jarraitzea eta enplegu berria sortzea.