VI. Señora Sariketako finalean Oihana Iguaranek jaso du pamela eta Lide Arregik tokadoa

Mirari Altube Arrese 2026ko ekainaren 10a

VI. Señora Sariketako talde argazkia, Iguaran pamelarekin dela. (Argazkiak: Señora Sariketa)

Plentziako Danontzat gaztetxean jokatu zen VI. Señora Sariketako finala joan den zapatuan. Oihana Iguaranek jantzi zuen txapeldunaren pamela eta Lide Arregi oñatiarrak epaileen Tokado Saria.

Finaleko seikotea osatu zuten Maider Altunak, Kattin Madariagak, Lide Arregik, Ana Picallok, Kattalin Lizarragak eta Oihana Iguaranek; eta Iratxe Legarrak gaiak jarrita jardun zuten bertsotan. Hain zuen azken bi bertsolariek kantatu zuten buruz burukoan eta pamela Iguaranentzat izan zen.

Debagoieneko ordezkari bakarra igo zen oholtzara Oñatiko Lide Arregi, eta horrek, epaileen Tokado saria eskuratu zuen, "bihotza gehien ukitu dienarena".

Lide Arregi bertsolari oñatiarra erdian.

Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart bertsolariek, iazko V. Señora Sariketako pameladunek, jantzi zioten pamela Iguarani. Eta Arregiri tokadoa jarri zioten Joane Aldalurrek, Kristina Mardarasek eta Rosi Lazkanok, iazko Tokado saridunek (Irati Tolosarekin batera).

Arregi tokadoarekin buruan.

Aurten, egun osoko egitarauaren baitan ospatu zuten Señora Sariketako finala. Ahalduntze
Bertso Eskola Feministako kideekin bat egin zuten ospakizunean eta 70 lagun inguru elkartu ziren Danontzat Gaztetxean bazkaltzeko.

Finala hasi aurretik I. Señora Bertsopaper Sariketako sariak banatu zituzten, hiru hain zuzen ere: Piliren bilobak Iruñeko taldeak jaso zuen Señora Makarra saria; Zaballako bertso eskolarentzat izan zen Señora Hunkigarria; eta, Zarauzko hasiberrien bertso eskola feministak jaso zuen Señora Dibertigarria saria.

Ondoren eman zioten hasiera bat-bateko saioari. 150 lagun inguru elkartu ziren "giro goxo eta dibertigarrian" eta hunkitu ere egin ziren hainbat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak