Baxoa –USaP hegoaldean– euskaraz izatea eskatzeko mozioa aurkeztu du Oñatiko EAJko udal taldeak maiatzeko osoko bilkuran, eta aldarrikapenarekin bat egin du EH Bilduk; bien baietzarekin onartu dute. "Egun ezin da azterketa osoa euskaraz egin Iparraldean. Hori dena euskaraz izatea aldarrikatu dute hango eskolek, erabat zuzena da gure ustez eta babestu egin dugu", zioen Amaia Erostarbe jeltzaleen bozeramaileak osoko bilkuraren amaieran. "Zalantza barik" eman dute baiezkoa Udal Gobernuko kideek ere. "Euskararen normalizazioan eta herritarrek euren eskubidez euskara erabiltzeko edozein ekimen babestuko dugu, eta hau ere bai", zioen Izaro Arregi alkateak.
Foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren urteurrenak
Uztailean, 150 urte beteko dira Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian foruen erregimena kendu zutela Bigarren Karlistadaren amaieraren testuinguruan. Era berean, 50 urte beteko dira hilabete berean, frankismoaren amaieran, Euskal Herriko hainbat udal ordezkari Bergaran elkartu zirela Alkateen Mugimendua deitu zitzaion ekimenean. Bada bi urteurren horiek gogora ekartzeko mozio bateratua aurkeztu dute EH Bilduk eta EAJk maiatzeko osoko bilkuran. Hala, Udalak "foru erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuek euskal lurraldeen jatorrizko eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera" ekarri zutela jasotzen du mozioak eta bat egiten duela "2026ko uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal- ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko".