Bihar, Plentzian erabakiko da Señora Sariketako VI. edizioko pameladuna eta tokado sariaren irabazlea. Sei finalisten artean izango da Lide Arregi oñatiarra, maiatzaren 23an jokatu zen bigarren kanporaketan txartela eskuratu ostean. Egun hartan, Arregirekin batera Kelmene Abaitua, Antton Fernandez, Julene Iturbe, Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga aritu ziren kantuan, eta Jone Lizarralde izan zen gai jartzailea.
Hala, honako sei finalistak izango dira bihar, Plentziako Danontzat Gaztexean: Ana Picallo, Oihana Iguaran, Maider Altuna –Finalean kantatu ezingo duen Nahia Etxeberriren ordez–, Lide Arregi, Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Gai jartzaile lanetan, Iratxe Legarra ariko da.
Egitarau zabala
Señora Sariketako antolakuntza taldeak egitarau zabala antolatu du finalaren aitzakiapean. Eguerdian, Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideekin egingo den bertso karro-poteoa izango da, Plentziako Zubi zuritik hasita. Gero, bazkaria egingo dute; bazkalosteko bingoarekin. Bertso finala, 18:00etan hasiko da, bertsopaper sariketako sari banaketarekin. Ondoren saioa hasiko da, eta bertan erabakiko VI. Señora Sariketako pameladunaren garailea.
Amaitzeko, 22:00etan Zatekeen erromeria izango eta DJ Txillardegi izango dira gaztetxean. Bestalde, Señora kamisetak ere eskuratu ahalko dira gaztetxean bertan.