Afrikako errealitatea hobeto ezagutzeko aukera bihar, Arantzazun

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 5a

Arantzazuk Afrikara begiratzeko leiho berezia zabalduko du bihar, ekainaren 6an. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Afrika Behar Beharrezkoa Gipuzkoa partzuergoak antolatutako 'Arantzazu Afrikarekiko topaleku' egingo da Arantzazuko Gandiaga Topagunean.

Ekimenaren helburua Sahara hegoaldeko Afrikaren errealitatea ezagutaraztea eta ikuspegi kritikoa sustatzea da. Hamahiru urtez jarraian antolatu den sentsibilizazio jardunaldi honek, beste behin ere, Afrikako errealitatea gertutik ezagutzeko eta hausnarketarako gune bat eskainiko du.

.Arantzazun.Jardunaldiari hasiera emateko, 10:30ean, La fuerza del silencio dokumentala emango dute. Lanak Letebirhan gazte etiopiarraren istorioa kontatzen du. Tigray eskualdeko 17 urteko neska da, gerraren ondorio latzak pairatu dituena: bahiketa, sexu-indarkeria eta bazterketa soziala.

Proiekzioaren ondoren, dokumentalaren inguruko solasaldia egingo dute Iñaki Luis LuzNorteFilms ekoiztetxeko produktore eta zuzendarikideak eta Lierni Fernandez Egoaizia GGKEko teknikariak. Hitzaldian Tigrayko emakumeek azken urteotan bizi izan duten egoera aztertuko dute, 2020an hasi zen gatazkaren ondorioek markatutako testuinguruan. Era berean, Egoaiziak eskualdean egindako laguntza-lanaren berri emango dute, bereziki indarkeriatik bizirik atera diren emakumeekin garatutako proiektuen inguruan.

Tigrayko emakumeen ahotsak, argazkitan

Egun osoan zehar, Buna: Isiltasun osteko ahotsak argazki erakusketa egongo da ikusgai Gandiaga Topaguneko atarian. Erakusketak Tigrayko emakumeen bizipenak eta erresilientzia jasotzen ditu, dokumentala osatuko du. Horretarako, Ximena Borrazas, Edgar Gutierrez eta Iñaki Luis argazkilarien 20 irudi bildu dituzte. Gatazka, migrazio eta gatazka osteko eremuetan eskarmentu handia duten profesionalak dira hirurak, eta nazioarteko hedabide ugaritan argitaratu dituzte beren lanak. Solasaldiaren ostean, Iñaki Luisek berak erakusketaren bisita gidatua eskainiko du.

Senegalgo zinema

Jardunaldiari amaiera emateko, arratsaldean Afrikako zinema izango da protagonista. Zine-forum saioaren barruan, Mamadou Khouma Gueye zuzendari senegaldarraren Liti Liti dokumentala proiektatuko dute. Egileak bere amari eskainitako lana da, eta Dakarreko kaleetan eta eguneroko bizitzan ikusezin geratzen diren emakume askoren indarra eta bizipenak erakusten ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak