Beteranoak eta hasiberriak, alde bietakoak aterako dira domekako prozesioan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko ekainaren 5a

Liliana Ruiz eta Carlos Marton, biak aterako dira domekako prozesioan.

Aita Madina taldeko txistulariekin eta Oñatzeko dantzariekin helduko dira irudiak 11:00etako meza nagusira domekan, eta ostean izango da urteroko prozesioa, Santa Ana antzokitik irtenda. Corpus jaiak, baina, gaurko dantzekin hasiko dituzte.

Urte askoko tradizioa du Corpus Eguneko prozesioak Oñatin, eta, aldaketa gutxi egoten badira ere, kofradeen taldean aurpegi berriak ikusten direla da horietako bat. Aurten, lehen aldiz, Kristoren papera egingo duena, esaterako, Ruben Vaz, joan den urtean egin zen kofrade. Hirugarren urtez aterako da prozesioan domekan: "Corpusak sortzen didan sentimenduagatik hartu nuen erabakia, batetik, baina baita gure arbasoen jardunari jarraipena eman behar zaion arduragatik ere. Iruditzen zait batzuetan kanpokoari begira egoten garela edo hura iruditzen zaigula onena, bertakoa baztertzen dugun neurrian. Eta hemengoari eustekoaren aldekoa naiz".

50 bat kofrade prozesioan

Kofradiako 50 bat kide aterako dira aurtengo prozesioan. Liliana Ruizendako laugarren aldia izango da; lehena Maria moduan. Kofrade moduan, kaparekin, atera izan da aurretik, eta joan den urtean apostoluak janzten laguntzen ibili zen. "Duela zazpi urte iritsi nintzen Oñatira, eta sekulako poza hartu nuen bertako patroia San Migel dela jakin nuenean, haren deboziozkoa nintzen-eta lehendik. Kofradian sartu gura ote nuen galdetu zidan bikotekideak, eta baietz esan nion. Pozik nago". Carlos Marton da haren bikotekidea; hemezortzi bat urte pasa dira prozesioan lehenengo aldiz irten zenetik. Apostolu moduan urte gutxitan, eta kapa jantzita gehienetan: "Ilusio handiz bizi dut prozesioan parte hartzea. Egun horretaz gain, Aste Santuan, Erramu-domekan eta kofradiako kideren baten hiletan janzten ditugu kapak". Prozesioko unerik garrantzitsuenaz galdetuta, San Migelen "buelta" aipatu du Martonek: "Kale Zaharrean, Kale Barrian eta plazan egiten du erreberentzia, hori eta momentu horretan denok hari begira jartzen gara. Gainerakoan, oinez, aurrera begira egiten dugu ibilbide osoa".

Oñatz, egubakoitzetik domekara

Domekan, 11:00etako meza nagusiaren ostean izango da Corpus Eguneko prozesioa, Santa Anatik irtenda –10:45an hasiko dira janzten han–. Konpondutako ezpata eramango du San Migelek, San Franciscok lore berriak, apostoluek kapa arrosaren azpian janzten dituzten hiru alba ere berriak izango dira eta anderoek eramaten dituzten makila batzuk ere berriekin ordezkatu dira, pipiak janda zeudelako. Mantentze-lanak baino ez guztiak.

Kofradiako kideekin batera, hamabost irudiak, San Migel, Kristo, Maria, anderoak, jaunartzea egin duten umeak, musika banda eta, nola ez, Oñatz dantza taldeko dantzariak aterako dira prozesioan. Oñatz, baina, gaur, egubakoitza, hasiko da Corpus dantzak dantzatzen, ikastetxeetan eta landa auzoetan, eta bihar, zapatua, gero eta ikusle gehiago izaten dituen goizeko dantzen emanaldia egingo du, 09:00etan, plazan. Domeka arratsaldeko dantzekin bukatuko du Oñatzek Corpusetako egitaraua. Musika bandak, bestalde, emanaldiak egingo ditu aurten ere, prozesioa amaitutakoan eta iluntzean; biak izango dira San Migel parrokiako atarian, joan den urtean estreinatu zuten kokapen berrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak