Domeka egun berezia izango da Daniel Agirreren eta Begoña Urzelairen etxean. Modu batera edo bestera, Corpus Egunari lotuta daramate urte mordoa. Familiako bederatzi kide prozesioan irtengo dira, hainbat funtzio beteta: Daniel aita, apostolu jantzita; Iker, Joseba eta Aintzane seme-alabak eta Alain, Danel eta Arete bilobak, txistua eta atabala jotzen; eta Leire eta Aloña bilobak, lehenengo jaunartzea hartu duten umeekin. "Gurasoak oso fededunak dira, betidanik; eta eurendako oso berezia da Corpus Eguna, tradiziotik duen guztiagatik. Kofradiako kideak dira. Anai-arrebok ere gure egin dugu egun hori, baina kultura arlotik guri ematen digunarengatik. Ama, iloba txikiena zaintzen geratuko da", esan dio GOIENAri Aintzane Agirrek.
Egun betea izango da etzikoa
Egun betea izango dute agirretarrek domekan. Dianarekin hasiko dira txistua jotzen eta prozesioa bukatu ostean amaituko dituzte lanak. Ostean, elkarrekin bazkalduko dute. "Bi anaiak kanpoan bizi dira, Bartzelonan eta Eslovakian; baina, Oñatin dauden guztietan, ekitaldiren bat badago, txistulari taldera batzen dira. Ez dute txistulari sena galdu".
Arete eta Danel Azkue Agirrek bigarren urtez parte hartuko dute prozesioan. Etxeko txistulari gazteenak dira: "Egia esatearren, nire seme-alabek naturaltasunez aukeratu zuten txistua. Akaso, gu ikusita, baina euren erabakia izan zen. Oso pozgarria eta aberasgarria da seme-alabekin txistua jotzea. 30 urte baino gehiago daramatzat, eta orain disfrutatzen dut gehien".