Asko izan ziren Macoteratik Oñatira lana egitera eta bizi izatera etorritakoak. Asko dira egun Oñatin bizi direnak oraindik. Horietako batzuekin elkartzeko asmotan daude Efebos lagunarteko kideak. "Gasteizen eta Oñatin ezagunak ditugu. Egubakoitzean, Gasteizen afalduko dugu, eta asmoa da zapatuan Oñatira joatea. Foruen plazara helduko gara eguerdi aldera, eta animatzen diren guztiekin, Arantzazuraino igoko gara, bidaiari amaiera emateko", esan dio GOIENAri ibilaldia egiten diharduen Juan Buenok.

Lau etapatan
Errepideko bizikletarekin eta hamabost litroko alforja txikiarekin abiatu ziren Macoteratik. Lehen etapan, 152 kilometro egin zituzten, Fuentidueñaraino. Bigarren etapa izango da luzeena: 176 kilometrokoa, Fuentidueña eta Anguiano artekoa. Hirugarrenean, Gasteizera helduko dira 101 kilometro eginda. Azkena, Gasteiz-Oñati-Arantzazu izango da.