"Musika nire kabuz sortzea asko gustatzen zait; gitarrak askatasun hori eman dit"

Eki Letona Erretolatza 2026ko ekainaren 5a

Uxue Igartua, kontzertu baten jotzen. (Argazkia: Uxue Igartua)

Txikitatik musikarekin lotuta bizi izan da Uxue Igartua (Oñati, 2007). Gaur egun, hainbat instrumentu jotzen ditu, eta, Hamarratz eta Zentzu Okerrak taldeetan jotzeaz gain, Oñatiko musika bandan ere jotzen du eta bertsolaria da.

Nola hasi zinen musikan?

Nire familian beti egon da musikarekiko harreman handia. Nire aitona Oñatiko musika bandan egon zen, eta, horrez gain, konpositorea ere bazen. Ni txikitan hasi nintzen musika eskolan, eta tronboia aukeratu nuen instrumentu gisa; tronboia ikasi nuen arren, nire kabuz gitarra eta baxua jotzen ere ikasi nuen. Bestalde, bandan sartzeko esan zidatenean, bonbardinoa jotzen hasi nintzen, eta instrumentu hori, batez ere, bandan ikasi nuen jotzen.

Zer dira zuretzat Hamarratz eta Zentzu Okerra taldeak?

Bi taldeak lagunekin denbora pasatzeko eta lagun berriak ezagutzeko aukera dira, baita musikarekin beste harreman bat izateko espazioa ere. Bandako entseguetan, normalean, emandako partiturak irakurri eta jotzen ditugu. Taldean, ordea, nahi duzun kantua jo dezakezu, nahi duzun moduan. Askatasun horrek musikarekin beste era batera konektatzen nau.

Taldeak, bertsolaritza eta musika banda. Zer ematen dizu bakoitzak?

Taldeek, gehienbat, musikalki hazteko aukera ematen didate. Teknikatik harago, nire kabuz ikasteko bidea ireki didate. Gitarrak benetan gustatzen zaizkidan gauzak eta jotzeko moduak aurkitzeko aukera eman dit. Partiturak irakurtzea gustatzen zait, baina nire kabuz sortzea eta probatzea ere asko gustatzen zait; gitarrak askatasun hori eman dit.

Bertsolaritza, aldiz, komunikatzeko beste modu bat da. Bertan erronkak daude, errimak eta doinuak zaindu behar dira, baina, batez ere, gustatzen zait nola ematen didan barruan dudana esateko aukera, hitzak beste modu batera erabiliz.

Eta musika bandak, berriz, gitarrak edo taldeek eman didatenaren kontrakoa eman dit, neurri batean: tronboiarekin eta bonbardinoarekin musika teknikoki lantzeko aukera. Nire kabuz entzungo ez nituzkeen abesti eta estilo asko ezagutzeko aukera eman dit.

Ze antzekotasun dute hirurek?

Ba, zalantzarik gabe: jende berria ezagutzeko aukera. Gitarrak aukera eman dit kontzertuetara joateko eta taldekideak eta beste talde batzuk ezagutzeko; harreman politak sortzen dira. Bestalde, bertsolaritzan ere gauza bera gertatzen da; txapelketetatik harago, saio asko egiten dira: bertso-afariak edo jaialdiak. Mundu handia da, etengabe jende berria ezagutzeko aukera ematen du. Eta Oñatiko musika bandan ere hala da; bandako kideak ezagutzeaz gain, bidaietan musikarekiko zaletasuna partekatzen duten pertsonak ezagutzen ditut

Ze musika entzuten duzu?

Egia esanda, ez nuke jakingo zehazki esaten zer entzuten duen Uxuek. Denetarik entzuten dut. Adibidez, punk-oi! estiloko taldeak entzuten ditut, baina baita trikitia ere. Azkenaldian asko entzuten ari naiz Tapia Eta Leturia, Gu Ta Gutarrak eta Bizardunak. Estilo askotako musika entzuten dut, baina, batik bat, euskal taldeak.

Musikatik kanpo nolakoa da Uxue?

Geldi egoten ez dakien pertsona bat. Goizetan eskolak izaten ditut, eta arratsaldeetan entsegurik ez dudan egunean, futboleko entrenamendua; beste batzuetan, bertsolaritza edo bestelako ekintzak. Libre dudan denbora guztia aprobetxatzen saiatzen naiz lagunekin, eta asteburuetan parranda ere gustuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak