Eider Rodriguezen eta Anariren eskutik, 'Dena zulo bera zen' ipuin "kantaketa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko ekainaren 2a

Eider Rodriguez eta Anari, Dena zulo bera zen ikuskizunean. Argazkia: Mendi Urruzuno

Oñatiko Emakumion Etxian egingo dute, ekainaren 3an, 18:00etan hasita; publiko guztientzako daude ateak zabalik eta sarrera dohainik izango da. 

Sei ipuin barnebiltzen ditu Eider Rodriguez idazleak iaz argitaratu zuen Dena zulo bera zen liburuak; bada, horietako bat aukeratu eta Anari musikaria lagun duela irakurtzen du liburuaren izen bera duen emanaldietan. "Ikaragarria iruditzen zait liburua, eta hala adierazi nion irakurri nuenean; ipuin guztietan daude gauza ederrak. Urteak daroa idazten, eta bigarren plano baten ontzen-ontzen, eta gaur egun Eider bere onenean dagoela esango nuke", azaldu du Anari musikariak.

Aspaldiko lagunak dira idazlea eta musikaria, eta aurrez elkarrekin egin zuten Boston izeneko saio metaliterarioaren "esperientzia ona" gogoan proposatu zion Rodriguezek proiektu berria. "Beste testuinguru baten irakurri zuen liburu horretako ipuin bat Eiderrek, eta ondoren proposatu zidan polita izango zela, guk biok daukagun unibertso konpartituagatik, ikuskizun hori elkarrekin plazaratzea. Eta, egia esan, orain arte egin ditugun emanaldietan erantzun ederra jaso dugu. Eiderrek, gainera, oso irakurtzeko ipuinak dauzka, eta sekulako puntxa ematen dio irakurtzen".

Abestiak ipuinaren barruan

Emanaldia ez da, baina, musikarekin lagundutako irakurketa soil bat, kantuen eta kontuen arteko arteko nahasketa edo uztarketa bat baizik. "Abestiak ipuinaren barruan sartzen dira eta ipuina abestien barruan ere bai. Eiderrek aukeratu du ipuina, eta baita kontaketa bitartean abestuko ditudan kantuak ere; nire hastapenetako abesti zaharrak edo aurreko diskoetakoak dira horiek. Gure sentsazioa da, eta jaso dugun feedbackak ere ere hala adierazten digu, zerbait tartekoa bezala gertatzen dela bi osagaien edo diziplinen artean. Espektakulu xumea da, eta ez du beste ezer izan nahi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak