Bisita gidatuak egingo dituzte Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko maiatzaren 29a

Bisita gidatua Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan.

Ekainaren 11 eta 12an Artxiboen Nazioarteko Astea ospatzeko, Oñatin dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren ateak irekiko dituzte bisita gidatuak egiteko.

Artxiboen Nazioarteko Astea ekainaren 8tik 12ra ospatuko da eta horren harira, Oñatin kokatuta dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren ateak irekiko dituzte doan, edonor gerturatu dadin. 

Lurraldeko dokumentu-ondarea zaindu, kontserbatu eta zabaltzen duten espazioa herritarrek ezagutzea da helburu nagusia. Bisitaren ibilbidea artxiboko hainbat gunetatik igaroko da, baita sarbide mugatuko eremu batzuetatik ere –gordailuak, lan-aretoa, zaharberritze-tailerra, etab.–. XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak ere erakutsiko dira, justizia eta eskubideen urraketekin lotutakoak. 

Bisita gidatuen izen-ematea

Egun bakoitzean bi bista gidatu egingo dira: bata goizeko hamaiketan eta bestea arratsaldeko bostetan. Bisita euskaraz eta gazteleraz egiteko aukera egongo da, eta ordu bat eta erdiko iraupena izango du gutxi gorabehera. 

Bisitetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena-ematea: telefonoz deituta –943 41 50 60– posta elektronikoz idatziz –ahpg-gpah@gipuzkoa.eus– edo inprimakia beteta. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak