1986an sartu zenetik, ia 40 urtez izan da Anton Inza Aloña Mendi kirol elkarteko presidente. 2020ko urtarrilean, iragarri zuen ez zuela jarraituko, baina, pandemiarekin, zuzendaritza-taldearen berritzeko plana ere gelditu egin zen. Sei urte hauetan, Inzarekin batera, Anjel Barrena –idazkari lanetan– eta Resu Murua –diruzain lanetan– aritu dira, ez delako erreleboa hartzeko borondatez inor aurkeztu. Azkenik, atzoko ezohiko batzarrean onartu zuten zuzendaritza aldaketa, bazkide talde batek horretarako interesa erakutsi ostean.
Zuzendaritza berria onartuta
Aloñako sail ezberdinetako ordezkariak batu zituen batzarrean, talde bakarrak aurkeztu zuen zuzendaritza kargua hartzeko interesa. Horregatik, bozketa egin beharrik gabe eta aho batez, Iñaki Mendarozketaren taldea aukeratu zuten kargurako; berak hartuko du Inzaren lekukoa lehendakaritzan. Berarekin batera Juan Luis Guridi –lehendakari ordea–, Asier Guridi –kirol lehendakari ordea–, Ane Villar –idazkari eta diruzaina– eta Itziar Usandizaga –idazkari ordea– ariko dira. Gutxienez, bost urterako hartuko dute Aloña Mendi kirol elkarteko zuzendaritza. "Idealena, modu txandakatuan eta bost urtero, zuzendaritzaren erdia berritzea litzateke; dena batera ez aldatzeko. Batzorde berriak erabakiko du hori, baina ez dago 40 urte egon beharrik", azaldu zuen orain arteko lehendakaria izan den Anton Inzak.