Guztira 40 urte –irailean beteko dira– egin ditu Aloña Mendi kirol elkarteko presidente Anton Inzak. Duela sei urte, 2020ko urtarrilean, iragarri zuen ez zuela jarraituko, baina, pandemiarekin, zuzendaritza-taldearen berritzeko plana ere gelditu egin zen. Sei urte hauetan inork ez du haren erreleboa hartzeko borondaterik aurkeztu. Gaurko batzarrean bazkideek aukeratuko duten hautagaitzak hartuko du Inzaren erreleboa. Kirol elkartearen bulegoetako sotoan izango da batzarra, eguenean, 18:30ean.
Bazkideek aukeratuko dute
Bi mila bazkide inguru ditu egun Aloña Mendik, eta batzarrera joango direnen botoek erabakiko dute elkarteko presidente eta zuzendaritza berria. Lehenengo, aurkeztu diren hautagaien programak ezagutuko dituzte, eta ondoren egingo dute bozketa. Orain artekoa berriz ez pasatzeko helburuarekin eta egungo batzordeari –Anton Inza, Anjel Barrena eta Resu Murua– atseden emateko ordua heldu dela ulertuta, hautagaitza bat Aloña Mendik berak egindako proposamena izango da. Sailen arteko lanketa izan da, datozen lau edo bost urteetarako izango litzatekeena; batzarrean emango dituzte xehetasunak.
Aloña Mendiko presidentea hilero –hileko lehen eguenean– batzen da elkarteko sail bakoitzeko ordezkari banarekin; hamalau laguneko batzordea. Gaurko bilera aprobetxatu gura dute batzorde hori berritzeko ere. Eguna heldu orduko, sail bakoitzak jakinaraziko du bere ordezkaria nor izango den batzorde horretan, eta bileran zerrendatuko dituzte denak. Aurten bat gehiago, xakea ere kirol elkartearen barruan dagoelako joan den urtea ezkero.
"Ohorea" Inzarendako
Anton Inzarendako "ohorea" izan da Aloña Mendiko presidente izatea, "baina ordua ere bada uzteko, bai. Sei urte pasa dira kargua utziko nuela esan nuenetik". 1986an sartu zen Inza Aloña Mendiko zuzendaritza nagusian, Enrike Zubiagirre bakarrik gelditu zelako: "Hark ez zuen presidente izan nahi, eta neuk hartu nuen postua, baina gauzak oso ezberdinak ziren orduan. Erregistroek edo paperek, adibidez, ez zuten gaur besteko garrantzirik". Harrezkero bete du kargua Inzak: "Kritikak izan ditut, bai, baina ni beti sentitu naiz errespetatua, eta ohorea izan da niretako. Gure filosofia beti izan da herritarrei kirola egiteko aukera eskaintzea, eta horretan ahalegindu gara. Esango nuke asmatu genuela sail guztiak aterpe berean sartzearekin. Ikusten dut Aloña Mendik sentimendu handia sortzen duela herrian, eta asko pozten nau horrek. Poza baita gazteak beste edozein kirolariren izena duten nikia jantzita ikusi ordez Aloña Mendikoarekin ikusten ditudanean"