Kale Zaharreko 13. zenbakian dago Oñatiko Emakumion Etxia. 2018an herritarrek egindako diagnosi-eskaera batekin hasi zen prozesua eta datorren asteko irekierarekin amaituko da. Hurrengo egunetik aurrera, maiatzaren 27tik aurrera, zabalik egongo da espazioa, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
Lau espazio ditu eraikinak, eskaeren eta eskaintzaren arabera erabiliko direnak. Esaterako, eraikin horretan egiteko asmoa dute aurrerantzean Jabetze Eskolak eskainiko dituen ikastaroak eta saioak.
Bestalde, ekaineko egitaraua, adibidez, prest dute dagoeneko. Anari eta Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen ikuskizuna, Zinegoak film jaialdiko lanak eta lau bisita gidatu antolatu dituzte, besteak beste, datorren hilabeterako. Ekintza guztiak doan izango dira eta ez da egongo beharrik izena aldez aurretik emateko.