Antolatzaileek aurreratu dutenez, dortsalak "mugatuak dira"; guztira, 300 korrikalarirentzako dortsalak daude, eta azken bi urteetan lasterketa egunaren aurretik agortu egin zirela gogorarazi dute. Izen-ematea jada zabalik dago, www.herrikrosa.eus webgunean, 12 eurotan –prezio hori ekainaren 26ko 22:00ak arte mantenduko da, eta gero, 18 eurora igoko da, lasterketa eguneko 09:00ak arte–.
Bi helburu nagusi
Abixaran taldeak, Antxintxiketan Kirol Elkarteari erreleboa emanez, duela hamar urte hartu zuen antolaketaren ardura. Ordutik, bi helburu nagusi izan dituzte: emakumeen partaidetza handitzea eta lasterketa inklusiboagoa egitea. Horren adibide dira esku bizikleta eta aulki gurpildun lasterketak. Azkenik, lasterketa taldeka egin daitekeela ere esan dute: "Taldeek hiru lagunekoak izan beharko dute, gutxienez, eta nork bere erritmora egin ahal izango du lasterketa". Bakarkako eta taldekako sariak egongo dira, baita herritar onenaren saria ere, eta, bereziki, emakumezkoen partaidetza sarituko dute.