Txingurrik asteburuan zuzendu zuen azkenekoz Athletic San Mamesen. Celtaren aurka bana berdindu ondoren, ezin izan zituen zaleak garaipen batekin agurtu, baina bai omenaldi hunkigarri batekin. 2024an Sevillan irabazitako Errege Kopa bere lagun min Jonan Ordorikari eskaini zion entrenatzaileak. Eta bi urte geroago, Athletic-ek haren anaia Ruper aukeratu zuen, Iribarrekin batera, agur opari berezi bat emateko.
Musika da Valverderen pasio handietako bat, horregatik, abeslari oñatiarrak gitarra elektriko berezi bat eman zion: "Athleticen partez, beti gure bihotzetan" grabatua zuen "Athleticaster" izenekoak. "Jonan oso pozik egongo litzateke", esan zion abeslariak. Eta horrela, Jonanen oroitzapena berriz ere presente egon zen entrenatzailearen bizitzako egun berezi batean.