Kirol Egokituko Euskal Federazioak eskubaloi egokituko Euskadiko kopa antolatu du aurten lehenengoz. Atzo, domeka, jokatu zen txapelketa, eta Aloña Mendiren eskubaloi sailaren 50. urteurreneko ospakizunak medio, Zubikoa izan zuen aterpe.
Lau taldeko txapelketa
Lau taldek hartu zuten parte eskubaloi egokituko lehenengo Euskadiko kopa honetan: CB Barakaldo, Zarautz KE, Txingudi Echemar eta Ereintza Izarrak. Osotara, 16 eta 55 urte bitarteko 80 kirolari baino gehiagok hartu zuten parte. Taldeak mistoak izaten dira eta gizon zein emakumeek sexu bereizketarik gabe jokatu zuten.
Barakaldo eta Zarautzen norgehiagokarekin hasi zen txapelketa. Bizkaitarrek 20 eta 5eko markagailuarekin lortu zuten finalerako txartela. Ereintza eta Txingudi taldeen arteko finalaurrekoa berriz, 21 eta 12ko emaitzarekin amaitu zen.
Zubikoara bertaratu ziren zaleek finalean lehia polit batez gozatzeko aukera izan zuten. 15-14 amaitu zen partida, eta gol bakarreko alde horri esker eskuratu zuen garaipena Ereintzak, Euskadiko kopako lehen txapelkdun bilakatuz. Txingudik eskuratu zuen hirugarren postua, Zarautzi 16 eta 10 irabazita.
Giro ona nagusi
Balorazio “oso positiboa” egiten du Barakaldoko entrenatzaile den eta antolakuntza lanetan ibili den Josu Arenaza oñatiarrak. Txapelketako giroa nabarmendu du Arenazak, eta herritarrek finalari egindako harrera ona: "Orokorrean, giro polita egon zen Zubikoan. Finalaurreko partidak goiztxo izan ziren, eta ez zen horrenbeste jende hurbildu, baina, finalerako jende ugari bertaratu zen".
Finalaren ostean, talde guztiek elkarrekin egoteko tarte bat izan zutela nabarmendu du oñatiarrak: "Amaitzeko, azokan elkartu gara talde guztietako kideak, elkarrekin luntx bat egiteko".
Eskubaloi egokitua ezagutaraziz
Kirol Egokituko Euskal Federazioak azaldutakoaren arabera, "kopa kirol lehiatik harago doan jardunaldi bat" da, "desgaitasuna duten pertsonen artean eskubaloiaren praktika normalizatzea" helburu duena.
Horrez gain, herritarrei eskubaloi egokitua ezagutarazteko baliatu zuten eguna, eta Arenazaren arabera, azken helburu hau beteta gelditu zen: "Eskubaloi egokitua ezagutzera emateko aukera bat izan da. Jende ugari hurbildu zitzaigun, esanaz, ez zutela horrelakorik espero, eta orokorrean sorpresa polita izan zela".