Oñatiko Blues Elkarteak antolatuta, bigarrenez ospatu dute Oñatiko Blues Festibala. Asteburuan zehar, bost emanaldi eta gazteentzako blues tailer bat izan dira oñatiarren eskura Euskal Herriko zein kanpoko artisten partetik, eta beste urte batez herritarrek ez dute huts egin. Egubakoitzean Madrilgo Emilio Arsuaga "harmonista handiak" ireki zuen jaialdia, The Mad Reeds taldeak lagunduta. Ostean, Gasteizko The Allnighters taldeak "borobildu" zuen gaua.
Zapatuak ez zituen blues doinuak apaldu, eta arratsaldetik ekin zioten festari Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeak girotutako kalejirarekin. Gaueko kontzertuetan Bartzelonako Wax&Boogie taldea izan zen lehena oholtzara igotzen, Pablo Sanpa "gitarra-jole handiaren" laguntzarekin. Ostean etorri zen Donostiako Noa & The Hell Drinkers taldea. Raw lana aurkeztu zuen Oñatin jaiotako Noa Egiguren buru duen taldeak, baina, aurreko diskoetako lanek ere ez zuten hutsik egin. Horren adibide da, esaterako, albiste honetan ikusgai dagoen Hell´s the new heaven kantua. Zirrara handiko uneak ere utzi zituen atzoko emanaldiak, bi taldeak elkarrekin hainbat abesti jo zituzten eta, albiste honetako bideoan ikusi daitekeen modura.