Gol festa Azkoagainen (7-0), Aloña Mendi mailaz igotzeko

Xabier Urtzelai 2026ko maiatzaren 16a

Aloña Mendik zazpi gol egin dizkio Intxurreri, eta liga amaitzeko jardunaldi baten faltan oñatiarrak dagoeneko mailaz igo dira. Urtebetez gorengo mailan jokatu eta gero datorren denboraldian Ohorezko erregionalean izango dira Unai Garairen mutilak. 

Emozio gutxi izan du gaurko norgehiagokak, egia esan, eta garrantzitsua zen oñatiarrendako, joan den astean Legazpin lehenengo match-ball-ean asmatu ez eta etxeko partidua baliatu nahi zutelako urte osoan erakutsi duten hori berresteko, alegia, kategoriako onenak izan direla. Eta partidua hasi eta berehala bideratu dute norgehiagoka, Garikoitz Galdosek lehenengo minutuan egin du eta 1-0ekoa. Partidua hasteko modu ezinhoeba zen, baina inork ez zuen aurreikusten jarraian etorri den gol festa. 

Egia da Intxurrek ez zeukala ezer jokoan. Sailkapenaren seigarren postuan daude, ez dira hankamotzak, baina gaur ezer gutxi egin dute Azkoagainen, oñatiarrak gainetik pasa zaizkielako. 11. minutuan egin du Guridik 2-0ekoa, ez zirudien Intxurrek burukomin handirik eman behar zuenik, eta aldageletara joan aurretik garbi geratu da hori, Iñaki Alonsoren (3-0, 37.min), Garikoitz Galdosen (4-0, 42.min) eta Oier Guerreiroren (5-0, 44.min) golen ondoren.

Atsedenaldiaren ostean gauzak ez dira askorik aldatu, eta gaur Azkoagainen elastiko gorriaz azken partidua jokatu duen Andoni Altuberen aldaketa (Imanol Perezengatik, 72. minutuan) izan da berdegunera emozio apur bat ekarri duena. Hunkituta erretiratu da oñatiarra, zaleen txalo artean, eta taldea Ohorezko erregionalean utzi duela jakinda. Hala, Hasier Arregiren (77. min) eta Jon Legazpiaren golek (79. min) borobildu dute gehiago markagailua, Intxurrekoen atsekaberako.  

Partidu amaieran GOIENAri egindako adierazpenetan Andoni Altube jokalariak, Ander Irizar kapitainak, Julen Navarro atezainak eta Unai Garai entrenatzaileak gauza bera nabarmendu dute, aurtengo gakoa talde moduan egin duten lanean egon dela. 

Unai Garai, Aloña Mendiko entrenatzailea: "Datorren urtean denok izango dugu ikasteko asko"

"Denboraldi hasieran ez genuen helburu jakinik jarri, astero puntuak batzen joatea zen helburua, hirunaka joan gara puntuak batzen, eta lehenengo postuari eutsi diogu orain arte. Ondo hasi ginen, hasieratik hasi ginen ilusio handiaz, taldea dinamika on baten sartu zen, eta ez dugu hortik jaitsi nahi izan. Datorren urtean ikusiko dugu Ohorezko erregionalean ze maila ematen dugu, taldekide batzuek ez dute kategoria hori ezagutzen, nik ere ez, denok dugu ikasteko eta ikusiko dugu zer nolako maila ematen dugun".

Andoni Altube, Aloña Mendiko jokalaria: "Amestutako agurra izan da, talde honek sustrai onak ditu".

"Amestutako agurra izan da, aste osoa eman dugu momentu honetan pentsatzen, baina halako taldeaz, etxean, zaleekin... Emaitza hasieratik izan dugu alde, eta oso pozik. Nik uste dut aurtengo denboraldia egiteko garrantzitsua izan dela talde moduan egin dugun lana. Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean, talde honek oso sustrai onak ditu, eta hortik atera dugu indarra".

Ander Irizar, Aloña Mendiko kapitaina: "Talde lanean egon da indarra"

"Urte osoan lan ona egin dugula esango nuke, oso konstanteak izan gara, partidu garrantzitsuetan puntuak batzen jakin dugu eta liga amaiera honetara abantailarekin iritsi gara. Eurek ez zuten ezer jokoan, eta gaur dena izan dugu alde. Egin dugun urtearen gainean, esango nuke talde moduan dugun indarrean egon dela gakoa. Taldea izan gara. Partidu ostean elkarrekin batzen, kalean egoten, asteburuetan elkarrekin batzen... Lagun talde bat gara. Datorren urtera begira, uste dut Aloña Mendi dagokion tokian egongo dela".

Julen Navarro, taldeko atezaina: "Ospakizunetan ikusi da ze talde dugun"

"Uste dut ospakizunean ere ikusi dela, aldagelako giroak pisu handia dauka hemen, talde gaztea gara, jokalari berriak bai baina elkar ezagutzen dugunak, eta horrek on asko egin digu eta helburua lortu dugu. Datorren urtera begira, azkeneko lau urteotan hor ibili gara gora eta behera, eta nik uste dut jokalari eta entrenatzaile talde honekin ea zortea dugun eta helburua lortzen dugun".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak