Behar bereziak dituzten neska-mutilei zuzendutako Futbol Egokituko Topaketa egin zuten atzo, zapatua, Oñatiko Azkoagain futbol zelaian. Gipuzkoako herri ezberdinetatik etorritako gazteek futbolaz gozatzeko aukera izan zuten Debagoieneko herrian. "Gaurko helburua guztiok modu inklusibo batean futbol jardunaldi batez gozatzeko aukera izatea da", nabarmendu zuen Gipuzkoako Futbol Federazioko kide Asier Iriondok. Oñatikoa 50. jardunaldia izan zen, eta horrenbestez, "disfrutatzeko eguna" izan zuten Azkoagainen. Topaketa hauen bidez gazteek gutxienez hilabetean behin futbolean jokatzeko aukera dutela aipatu zuen: "Honi esker gure gazteek gutxienez hilabetean behin futbolaz gozatzeko aukera dute".
Aloña Mendiko infantil mailako mutilak, alebin mailako neskak eta kadete mailako neskak ere bertan izan ziren, egunaz gozatzen. Honek, bestelako futbol bat ezagutzeko aukera ematen diela azaldu zuen Iñigo Mateos fisioterapeutak: "Helburua jende ezberdina elkartzea eta lagunak egitea da. Gazteek bestelako futbol bat ere badagoela ezagutzeko aukera dute hemen. Ariketa errazak egiten ditugu, eta elkar laguntzeko aukerak sortuz, guztiek gozatu dezaten".
Donosti Cupera begira
Oñatin egindako topaketan Donosti Cupera begira jarri ziren gazteak, aurten, bertan parte hartuko dute eta. Honek urduritasun puntu bat ekarri duela esan zuen Iriondok: "Gainera, laster Donosti Cupen jokatuko dugu, autonomoagoak diren lehiakideekin, eta urduriago daudela igartzen da. Konpetizio esparru horretan beraien lekutxoa nahi dute, eta horretaz ere gozatzen dute".
Hala ere, federazioko kideak azpimarratu zuen topaketak ez daudela lehiara bideratuta: "Gure jardunaldiak ez dira konpetiziora bideratutako guneak. Gure asmoa ondo pasatu, lagun berriak egin eta futbolaz gozatzea da".