Oñatiko zein Debagoieneko herritarrek ez dute hutsik egin, eta lepo bete da Gure Zirkuko karpa Oñatin egindako lehen emanaldian. Harrera beroa izan du herrian zirku ikuskizunaren bederatzigarre bira honek, eta Iker Galartza pozik agertu da estreinaldiarekin, belaunaldi ezberdinetako pertsonen presentzia nabarmenduz: "Oso pozik gaude estreinaldiarekin. Gainera, adin guztietako jendea etorri da. Beste leku batzuetan kosta egiten da helduak eta adineko jendeari erakustea ikuskizuna ez dela haurrentzat bakarrik, baina hemen aurrez ere bazekiten hori. Ederra izan da ikusleen artean umeak, gazteak, gurasoak zein aitona-amonak ikustea".
Gozatzeko helburua
Galartzak azaldu duenez, Oñatin duten helburu nagusia gozatzea da, eta lehen emanaldiarekin helburua betetzeko bidean dira: "Oñatira gozatzera etorri gara, ondo pasatzera, eta ziur nago gozatuko dugula, uste duguna baino gehiago. Egunero horrela baldin badago zorionekoak gu".
Beste hamahiru emanaldi dituzte oraindik zirkuko artistek gozatzen jarraitzeko, oñatiarrek egindako harrera beroaren eraginez emanaldiekin hasi aurretik egonaldia luzatzea erabaki zuten eta. Galartzaren ustez, emanaldi berrien iragarpena erabaki zuzena izan zen: "Bai oso pozik gaude herritarren harrerarekin. Esango nuke asmatu egin dugula data gehiago jartzen. Azken emanaldian karpa ez bada gaur beste betetzen ez du axola, mundu guztiak bere sarreratxoa izango du, kalean inor ez uztea garrantzitsua da eta".