Aurten ere doako autobus zerbitzua jarri du Oñatiko Udalak domekan izango den Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikustera joateko. Bost autobus ibiliko dira Oñati eta Arantzazu artean jendea garraiatzen eta geltoki bakarra izango dute bostek: Arantzazuko Ama kalean. Geltoki horretan hartuko eta utziko dituzte bidaiariak autobusek. Arantzazun, hango autobus geltokia izango da geldiunea.
Autobusak 7:00etatik 11:00etara ibiliko dira gora eta behera hamabost minutuko maiztasunarekin; 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30eara 30 minutuko maiztasunarekin. Bestalde, Arantzazuko aparkalekutik herrirako azken autobusa 19:30ean izango da.
Aparkalekuak, debekuak eta baimenak
Bestalde, hiru gune egokitu dituzte Oñatin autokarabanetan eta furgonetetan –bost metro baino luzeagoak direnak– etorri den jendearendako: Mondragon Unibertsitatean –guztira 85 leku publiko eremuan + 15 leku sakoneko eremu pribatuan–, ULMA Handling-en –guztira 100 leku– eta Arantzazun, sarrerako eskilera-aparkalekuetan –60 leku–.
Ertzaintzak eta Oñatiko Udaltzaingoak eguenetik, atzotik, kontrolatuko dituzte autokarabanak –5 metrotik gorako ibilgailuak– Arantzazura igotzea. Erabilgarri dauden plazak bete ondoren (60), Udaltzaingoak eta Ertzaintzak debekatu egingo diete autokarabanei Arantzazura igotzea.
Era berean, bost aparkaleku egongo dira gainerako ibilgailuentzat: Eltzia, Berezao industrialdea eta Anbulategia –doakoak, eta Kalegoienako eta Kiroldegiko aparkalekuak –ordainpekoak–. Auzotarrek, baimena izango dute ibilgailua hartzeko: Lezesarri, Uribarri, Araotz, Arantzazu, Arrikrutz eta ostatuetan erreserba dutenak.