Lehen sorospenak nola egin eta desfibriladorea nola erabili jakiteko ikastaro irekia antolatu zuen Udalak atzorako, eguaztena. Saioa bost oñatiarrek osatutako talde batek –lau erizain eta mediku bat– gidatu zuen, kultura etxean, eta deiak izandako erantzun ona ikusita, taldetan banatu ziren; bost taldetan banatuta egin zuten saio praktikoa. Larrialdi egoeran desfibriladorea nola erabili, arnasbideak nola ireki, arnasten ez badu zer egin, masajeak nola eman edo alboko segurtasun posizioa zein den, esaterako, ikasi zuten joan zirenek. Herrian, bost gunetan ditu jarrita desfibriladoreak Udalak: kiroldegian, Eltzian, Arantzazun, Azkoagainen eta Araotzen.