"Indarrak batzeko" eta etorkizuneko "erronkei modu sendoagoan aurre egiteko" helburuarekin Mondragoneko kooperatiba diren Lanak eta Etorkik bat egitea erabaki zuten, bi erakundeek egindako batzar nagusietan.

Horren ondotik iritsi da Murgako zerrategiaren inaugurazioa, atzo, astelehena, hain zuzen ere; Imanol Pradales lehendakaria buru zela hainbat erakundetako ordezkariak elkartu ziren; besteak beste honako hauek: Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez; Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredo; Oñatiko alkate Izaro Elorza; eta Mondragon korporazioko Pello Rodriguez lehendakaria eta Leire Mugerza Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko lehendakaria.

Europa hegoaldeko "zerrategirik handiena"
Bat egiteak enpresa-proiektu berriaren "lehiakortasuna eta ekoizpen-ahalmena nabarmen handituko" dituela uste dute bi kooperatibetako ordezkariek. "Europako hegoaldeko zerrategirik handiena eta eraginkorrena izan nahi dugu", adierazi zuen Kepa Bastidak, lehen Lanako eta orain kooperatiba berriko zuzendari nagusiak eta negozioari emandako bultzada nabarmendu zuen: "Kooperatiba indartsuagoa izango gara, eta horrek orain arte eskura ez genituen bezero eta merkatu askotara iristeko aukera emango digu".
Murgako (Aiaraldea, Araba) zentro berriak 95.000 m² ditu, eta 67 milioi euroko inbertsioa egin dute. "Punta-puntako teknologiaz hornituta" dago, 4,5 metroko luzera eta 60 zentimetroko diametroa duten enborrak azkar eta garbi prozesatzeko. Urtean 300.000 m³ egur zerratzeko eta beste 60.000 m³ lehortzeko ahalmena izango du: "Europan erreferente izateko helburuarekin jaio da", zioten. Aurreikuspenen arabera, lantegiak datorren ekainean lortuko du bere "ahalmen operatibo handiena".
300 langiletik gora
Bastidak bertako basoen eta lehengaien aldeko apustua egin zuen. Horregatik, lehengaien hornidura ziurtatze aldera, "kooperatibak berak kudeatzen du egurraren jatorria, basoak erosita eta bere ustiapen-ekipamendu propioak erabilita".
Era berean, "kooperatiben arteko interkooperazioa eta lankidetza publiko-pribatua" goraipatu zituen zuzendariak: "2020ko amaieran egin genituen lehen bilerak, eta elkarlan horri esker, asmo handiko proiektu ilusionagarri bat eraikitzea lortu dugu".
Eta adierazi zuen "300 langile baino gehiago izango dituen eta 150 milioi euroko fakturazioa" izango duen kooperatiba baten oinarriak ezartzen ari direla.