Oihana Aranak, Haizea Aranak, Larraitz Trojaolak, Ane Zuazubiskarrek eta Olatz Zuazubiskarrek osatzen duten Leintz taldea izango da bihar taularen gainean, Azpeitiko Zaharrak Berri taldearekin aurrez aurre, finalerako txartelaren lehian. "Oso pozik gaude, etxean jokatuko dugulako, eta Azpeitikoekin kantatzeak bereziki ilusioa egiten digu, aurrez plazetan topo egin ez dugun Leire Ostolazarekin kantatzeko aukera izango dugulako", azaldu du Larraitz Trojaolak.
Txapelketa "polita" ari da izaten Herriartekoa, parte hartzaileendako eta baita zaleentzako ere. "Oso eroso eta gustura egon gara saio guztietan; taldean parte hartzeak beste xarma edo beste berezitasun bat ematen dio, gainera. Oso pozik gaude, era berean, txapelketa horren harira Debagoienean sortu den giroarekin ere".