Bi sari eskuratu ditu Haritz Olaeta oñatiarraren Nehor taldeak Bilboko VI. VillaSound lehiaketan: SGAE fundazioaren Euskadi saria, eta formaziorako saioena. "Sekulakoa izan da. 116 taldetik hamabi pasa ginen finalera. Hori bera handia izan zen guretako eta sari bat ez, bi irabaztea, sekulakoa", dio Haritz Olaetak.
Kontzertua eta formazioa
Talde hasi berriendako maketa lehiaketa da VillaSound Bilbao eta lagun batekin batera prestatutako hiru kanta zituen maketa aurkeztu zuen Olaetak; finalerako sailkatu ziren. Finaleko erronka kontzertua ematea zen, eta taldea sortzen hasi zen orduan Olaeta: "Hilabeteko epean lau laguneko taldea sortu genuen, eta finalean jotzeko kontzertua prestatu. Finalera iritsi ginen hamabi taldeok bi asteburutan egin genituen emanaldiak Biborocken; guk, apirilaren 18an jo genuen. Oso pozik gaude esperientziarekin eta sariekin".

SGAE fundazioaren Euskadi saria, urrian Bilboko Campos Eliseos antzokian kontzertua egiteko saria da, Bilbao Beat jaialdiaren barruan. Bigarrena berriz, produkzioan, marketinean zein lege-gaietan formazioa jasotzeko saioa.
Udan Oñatin joko dute
Haritz Olaeta oñatiarrak hasita du musika ibilbidea aurretik ere; Doce C taldearekin, adibidez, kaleratuta dauka Gerraosteko irrintziak izeneko lan luzea. Orain Nehor taldea sortu du. Egun bost lagun dira taldean: Markel, Joseba, Jonbe, Haritz eta Ibai –bateria-jolea da taldean sartu den azkena–. Olaeta pozik dago, udarako bi kontzertu lotuta dituztelako: "Horietako bat, Oñatin izango da, gainera".