Sustoa eman ordez, poza eman zuen Olabartako mamuak egubakoitz iluntzean eta ordutik domeka arratsaldera bitartean, jaiak disfrutatzen ibili dira auzotarrak zein kaletarrak: "Lan asko egiten da. Gazte asko elkartzen dira eta lan asko egiten dute jaiak antolatzeko. Eta jendea etortzen da, bai, euria egin edo ona egin, bete egiten da ingurua", zioen auzotar batek zapatuko auzo bazkariaren ostean.
Egindakoen artean, urteroko Olabartako pilota txapelketa egin dute. Gaur, domeka, eguerdian jokatu dituzte umeen zein nagusien finalak.
Olabarrieta auzoko jaiak behin pasata, gainerako auzoetakoak etorriko dira orain: datorren astean, adibidez, San Migel Txiki jaiak izango dira eta hileko azken asteburuan, Errekaldekoak eta Araotzekoak.