Erritmo bizia izan zuen Segurako lasterketak hasieratik, eta ihesaldi saiakerak ere ugariak izan ziren, Aloña Mendiko txirrindularitza saileko kideen esanetan: "Hala ere, tropela zatituz joan da kilometroek aurrera egin ahala, eta azken zatian erabaki da garailea. Une erabakigarrian, Enzo Elizburuk erasoa jo eta bakarrik helmugaratu da, indarra eta determinazioa erakutsiz".
Oñatiko txirrindularitza sailekoek adierazi dutenez, Segurako proba honek, beste behin ere, etorkizuneko txirrindularien maila altua erakutsi du, eta kadete mailako lehiaketa gero eta biziago dagoela berretsi du: "Enzo Elizburu gazteak denboraldi honetan erakusten ari den maila ona berresten du garaipen honekin, eta bere taldea ere pozarren agertu da lortutako emaitzarekin. Izan ere, ULMA Aloña Mendi taldeko kadeteek denboraldiari gogotsu ekin diote, eta txirrindulari gazteak proiekzio handikoak direla erakusten ari dira".