Iker Galartza: "Dena ez da berria, baina berritasunak daude ikuskizunean; gustatuko zaizue!"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 1a

Iker Galartza, Gure Zirkuaren furgonetan. Argazkia: Gure Zirkua.

Olaberrian abiatu zuen, aurreko astean, Gure Zirkuak bederatzigarren bira, eta, maiatzaren 15ean hasita, Oñatin izango dira, hiru astez. Gurezirkua.eus atarian daude sarrerak eskuragarri, hamabost eurotan.

Zelan zaude?

Beti bezala, atzera eta aurrera gauzak egiten, baina pozik!

Ikuskizuna asteburuetan egiten duzue, baina astean zehar ere lan asko dago egiteko zirkuan, ezta?

Bai; horixe, edozein etxetan egin beharreko lanez gain, kartelak jartzen, hurrengo herrietako ikuskizunetarako gauzak lotzen... Baina hala ari naiz, pozik. Eta lan eta lan horien artean, auto-bidaietan, esaterako, ideia berriak lantzen edo moldaketak egiten...

Zelan hartu zaituztete Olaberrian?

Oso ondo! Oso gustuko dugu herri txikietara joatea, nahiz eta askotan ez den erraza izaten, baina polita izaten da herri handietako jendea herri txikietara joaten dela ikustea. Hiru astez izango gara hemen, eta Oñatira joango gara gero.

Gogotsu Oñatira joateko?

Bai; orain dela lauzpabost urte egon ginen han karpa jartzeko aukerak aztertzen, baina ez zen posible izan. Herri erdian, Olaiturrin, toki bat atondu dutela-eta berriz deitu ziguten, eta ikusi genuenean leku ederra iruditu zitzaigun, guretzako oso aproposa eta erosoa, kamioiak sartzeko arrapala eta guzti. Oso eskertuta gaude; egia esan, Debagoienean beti hartzen gaituzte ondo, herri guztietan, bai udalek eta baita publikoak ere.

Eskualdean beste geltokirik?

Oraingo biran ez, baina aurrerago gurako genuke, eta, egia esan, jaso izan ditugu eskaerak; adibidez, Bergaratik.

Nondik nora ibiliko zarete biran?

Zortzi hilabeteko bira egingo dugu aurten ere, hogei lagun inguruko lantaldearekin. Oñatitik Bizkaira joango gara eta handik Arabara, Nafarroara eta Iparraldera, eta Tolosan amaituko dugu, Gabonen bueltan.

"Hasieratik esan izan diet lankideei Gure Zirkua epe luzerako proiektua izatea zela asmoa"

Bederatzigarrena duzue; hastapenetan hala izango zela uste zenuten?

Hasieratik esan izan diet lankideei zirkua ez genuela uda baterako abentura moduan bakarrik sortuko, epe luzerako baizik, zerbait serioa egin gura genuelako; ez da erraza, baina askoz gehiago egitea da gure asmoa.

Berritasunik izango da?

Bai; ikuskizun osoa ez da berria, baina badaude ale berri batzuk; adibidez: pailazoen esketxak, magoen trukoak, abestiak... Iaz gurera etorri zenak emanaldi berri bat ikusiko du eta orain dela bi urte etorri zenak, askoz gehiago, dekoratu berria ere ikusiko duelako. Zirku purua izaten jarraitzen du, eta, benetan diotsuet, gozatu egingo duzue!

Ez da samurra izango urtetik urtera pieza berriak asmatzea.

Ez da erraza, ez, eta jende berarekin ari zarenean zailagoa da. Gaur egun, orokorrean zirkuetan, bi urteko kontratuak egiten dituzte, eta, epe hori pasatutakoan, langileak kaleratu eta beste talde bat osatzen dute, beste ikuskizun bat sortzeko. Guk ez dugu hala egiten, bertako jendearekin lan egin gura dugulako.

Sarrerak ondo ari dira saltzen, eta egun batzuetarako dagoeneko agortuta daude. Pozik?

Oso ondo doa; hala jarraituz gero, gainera, harremanetan gaude Udaleko arduradunekin, eta esan digute beharra badugu akaso egon daitekeela egonaldia luzatzeko aukera. Eskertzekoa da, duda barik, Udalak aukera hori ematea.

Iker Galartza, Gure Zirkuaren furgonetarekin. Argazkia: Gur Zirkua.

Ikuskizunez gain, zirku tailerrak ere egiten dituzue; zer moduz?

Oso ondo; zirku eskola bat dugu Tolosan, eta astero 102 ume etortzen dira. Zuen eskualdetik ere etorri izan dira behin baino gehiagotan.

Harrobia sortzeko helburua du zuen eskolak?

Ez; akaso, taldekide bat-edo aterako da bertatik, baina helburua ez da harrobia sortzea; norbanako bakoitzarentzako zirkuak dituen onurak partekatzea da gehiago. Zirkua oso osasungarria da, eta bizitzako beste arlo askotarako baliagarriak diren ikasgaiak jasotzeko oso aproposa.

Fofito pailazoak, Bergaran izan zenean, hitz politak esan zituen zuei buruz. Zer diozu?

Bai; haren anaiaren zirkuarekin harremana izan nuen orain dela urte batzuk, eta Fofito Euskal Herrira etorri zenean, bisitan joan ginen Tolosan izan zirenean, eta baita Iruñera ere; elkarrekin bazkaldu genuen. Oso adeitsua da, oso zirkuko kideak jatorrak eta langileak dira guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak