Ohorezko Erregional mailara igotzea lor dezake domekan Aloña Mendik

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 29a

Ander Irizar kapitaina, Azkoagainen (Argazkia: Aloña Mendi).

Horretarako irabazi egin behar du eta bigarren sailkatu Idiazabalek, ez. Aretxabaletaren kontra jokatu du, 16:30ean.

Liga denboraldia bukatzeko lau jardunaldiren faltan, mailaz igotzea lortu dezake Aloña Mendiko mutilen gorengo taldeak domeka arratsaldean Azkoagainen: datorren urtean Ohorezko Erregional mailan jokatzeko txartela eskuratu dezake. Hori horrela izateko, bi baldintza hauek bete behar dira: etxekoek aurkari izango duten Aretxabaleta gainditzea, eta aurkari zuzena duen Idiazabalek ez irabaztea.

Hamabi puntu jokoan

Sailkapeneko lehen postuan dago egun Aloña Mendi, Idiazabal baino zortzi puntu gehiagorekin. Lau partidu gelditzen dira denboraldia bukatzeko eta, ekuazio hori betez gero, hamar puntuko tartea lortuko luke Aloña Mendik. Hortaz, hiru jardunaldiren faltan eta bederatzi puntu jokoan, matematikoki lortuko luke maila igoera. Horrela, joan den denboraldian jokatu zuen maila berean jokatuko luke hurrengoan, egun Mondra eta Bergara dauden maila berean.

Domekan igoera lortzen ez badu ere, oraindik gertatu daiteke hori, beste hiru jardunaldi faltako direlako aurtengo liga denboraldia bukatzeko. Aukera, beraz, ez da asteburu honetara bakarrik mugatzen.

Aretxabaletaren kontra

Egoera honek taldearen gain izan dezakeen eraginaz galdetuta, eurak orain arteko jokoa egingo dutela erantzun du Ander Irizar kapitainak: "Honaino heldu gara orain arte egin dugun jokoa eginda, eta domekarako asmoa ere horixe da, berdin jarraitzea".

Azken bizpahiru urtetan aldaketak egon dira taldeko jokalarien artean. Nagusienek taldea utzi duten heinean, beheko taldeetako gazteak sartu dira eta ondo erantzun dutela dio Irizarrek: "Denboraldi hasieran sinatuko genuke gauden egoeran egotea. Ahalik eta ondoen ibiltzea zen helburua, baina ez genuen uste denboraldia bukatzeko oraindik lau partidu gelditzen diren une honetan gure lana eta emaitza hain bideratuta egongo zenik". Aste Santuko etenaldiak, itxura baten, behintzat, ez dietela kalte egin gaineratu du: "Bolada onean dagoenarendako etenaldiak ez dira onak izaten. Guk irabazi egin dugu Aste Santuen osteko partidua eta horrela jarraitzea da gura duguna".

Kapitainak adierazi du ondo jokatzeko filosofiarekin aterako direla domekan Azkoagainera. Aretxabaletako bigarren taldea izango dute aurkari 16:30ean hasiko den partiduan.

Hamalau jaso, 68 egin

Denboraldi hasieratik egon da lehen postuan Aloña Mendi eta eutsi egin dio horri. Etxean jokatu dituen partidu guztiak irabazi egin ditu orain arte bi ezik –Ordizian kontra berdindu eta Lagun Onaken aurka galdu– eta golen zenbatekoari begiratuta ere bera da multzoko talderik onena: Aloña Mendi da gol gutxien jaso dituena –hamalau bakarrik; hurrengoak 25– eta baita gol gehien egin dituena ere –68; hurrengoak 59–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak