Play-offerako lehen partidua du zapatuan eskubaloiko senior taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 28a

Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeko jokalariak, Zubikoan.

Berangon jokatuko du Orioren aurka, 16:00etan, eta Aloña Mendiko eskubaloi sailak autobusa jarri du taldea animatzera joateko.

Euskal ligaren barruan denboraldia laugarren postuan bukatuta, Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko mailan jokatzeko lehia hasiko du asteburu honetan Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeak. Horra heltzeko, Euskadiko fasea gainditu behar du lehenengo, eta horixe da, hain zuzen ere, asteburu honetan egingo duena. Berango, Orio, Elgoibar eta Aloña Mendiren artean jokatuko da nor sailkatzen den Euskaditik hurrengo kanporaketara –Ereintza automatikoki dago sailkatuta ligako onena izatearren–. Oñatiarrek Orioko taldearen aurka jokatuko dute zapatuan 16:00etan, eta nor baino nor izango da partidua; galduz gero, kanporatuta geldituko da eta irabazten badu, hurrengo egunean, domekan jokatuko du, 12.00etan, finala.

Denboraldi bikaina

Asteburuan gertatzen dela gertatuta ere, harro egoteko moduan daude Construcciones Aloña Mendi taldeko neskak. Sekulako denboraldia egin dute. Euskal Ligan lehenengo aldiz iritsita, mailari eustea zen denboraldi hasierako helburua, eta laugarren egin dute. "Oso pozik gaude egindakoaz. Denok jokatu dugu, joko ona egin dugu eta disfrutatu ere bai. Etxeko bizpahiru partidutan 600 lagun inguru egon dira Zubikoako kantxan partidua ikusten. Aurten 50 urte egiten ditu eskubaloi sailak, eta hori sekulakoa da", dio Pablo Garcia entrenatzaileak.

Gero gertatuko denaz oraindik ez da kezkatu Garcia. "Egia da ez garela faboritoak eta maila horretan egon izanaren esperientziarik ere ez dugu, baina jokalari gazteak ditugu, jokatzen ondo dakitenak eta eskubaloian disfrutatzen dutenak. Azkenera arte lehiatuko dira ziur nago".

Autobusa Oñatitik

Ligako bigarren sailkatua da Berango eta horrek aukera eman dio talde horri partiduak non jokatuko diren erabakitzeko. Horrela, hango kiroldegian izango dira partidu guztiak eta Aloña Mendiko eskubaloi sailak autobusa antolatu du zaleak hara joan eta Aloña Mendi animatzeko. Aloña Mendiko tabernan eman behar da izena autobusean joateko: eguaztena, hilak 29, 21:00ak aurretik. Autobusa 14:00etan aterako da, postetxetik, zapatuan. Bide batez, zorionak eman gura dizkio taldeari egindako denboraldi onagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak