Aloñako Igoera mendi lasterketaren 21. edizioa jokatu dute gaur, domeka, eta izen handiak falta baziren ere, goi mailako lasterketa izan da.
Gizonezkoetan, Aitor Ajuria eta Ibai Larrea, Oñatin izanez gero, faborito izango lirateke, baina haien hutsuneak ateak zabaldu dizkie beste korrikalari batzuei. Proba hasi aurretik, zaila zen asmatzea nork irabaziko zuen.
Hala, Irazu Aranburu izan da lehen kilometroetan erritmoa ezarri eta abantaila hartu duena, Aloñatik lehen postuan igarota. Edozelan ere, ez zituen urruti gerora irabazle izan den Ibai Angulo eta bigarren helmugaratu den Imanol Goñi. Hiru horien artean egon da garaipenaren lehia, minutu baten barruan sartu baitira helmugan.
Artzanburuko tontorrean, 12,8. kilometroan, Aranburu izan da azkarrena, baina Angulok eta Goñik harrapatu eta pasatu egin ditu jaitsieran. Azken horrek, gainera, jaitsiera azkarrena eginda, Sagas saria eskuratu du.
Emakumezkoetan, aldiz, Malen Osaren hutsunea nabarmena izan da, baita iazko garaile Oihana Kortazarrena ere. Modu horretan, gizonezkoetan baino modu argiagoan, faborito bat nabarmentzen zen lasterketa hasi aurretik, eta ez du hutsik egin.
Izan ere, Ainara Uribarrik nagusitasun osoa erakutsi du hasieratik bukaerara arte. Helmugako diferentziak ikusi besterik ez dago. Bigarren sailkatu den Lara Estebanez ia sei minutura heldu baita; Adirane Peñagarikano hirugarren sailkatua, aldiz, zazpi minutura. Jaitsiera azkarrena, edozelan ere, Estebanezek egin du, Sagas saria lortuz.
Sailkapenak
Gizonezkoak:
- Ibai Angulo (02:08:02).
- Imanol Goñi (02:08:45).
- Irazu Aranburu (02:08:52).
Emakumezkoak:
- Ainara Uribarri (02:34:55).
- Lara Estebanez (02:40:48).
- Adirane Peñagarikano (02:41:55).
Gizonezko beteranoak:
- Mikel Bayer (02:30:44).
- Unai Biain (02:36:33).
- Mikel Ruiz (02:41:01).
Emakumezko beteranoak:
- Amets Maiztegi (03:00:34).
- Edurne Elkoroiribe (03:28:03).
- Amaia Calvo (03:31:40).
Lehen oñatiarrak:
- Xabier Urbina (02:26:11).
- Ainara Uribarri (02:34:55).
Sagas saria (azken jaitsiera azkarrena):
- Imanol Goñi (02:08:45).
- Lara Estebanez (02:40:48).
Sailkapenak, osorik, hemen.
Bihar, saio berezia
Aipatzekoa da Aloñako Igoerako antolakuntza taldearen eta Goiena Komunikazio Taldearen elkarlanari esker, zuzenean jarraitu ahal izan dela proba, Goiena telebistan zein streaming bidez.
Bihar, astelehena, gainera, Harmailatik saio berezia egingo du Goiena telebistak, lasterketak emandakoa luze eta zabal landuta.