Faxismoaren aurkako kolpeak eta doinuak entzungo dira biharko Antifa Egunean

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 24a

Aimar Iturricastillo oñatiarra, Rebel Noise taldeko abeslaria.

boxeoa eta kickboxinga egongo dira arratsaldean, eta musika emanaldiak gauean. Elkartasun kontzertuak izango dira; sarrera gutxi gelditzen dira.

Hirugarren Antifa Eguna antolatu dute zapaturako Oñatin. Boxeo eta kickboxing erakustaldiak egongo dira arratsaldean, eta kontzertuak gauean. Faxismoaren kontrako aldarrikapen eguna ez ezik, elkartasun eguna ere izango da. Izan ere, zapatuan batzen duten diru guztia "urriaren 12an Gasteizen espainiar faxismoari aurre egiteagatik auziperatu, jazarri, isundu eta zaurituak izan zirenendako" izango da.

Boxeo erakustaldia

17:00etan hasiko diren boxeo eta kickboxing erakustaldiekin abiatuko da egitaraua. Plazako frontoian izango dira saioak, eta harmailetatik ikusi ahal izango ditu bertaratzen denak. Oñatiko bost lagunek hartuko dute parte, kanpotik etorriko diren beste bostekin batera; 33 urtez aapikoak denak. Ez dira borrokaldi-saioak izango, erakustaldiak baizik. Helburua da jendea ikustera erakartzea, eta, bide batez, boxeoa edo kickboxinga egitera animatzea, "faxismoari aurre egiteko aukeretako bat hau izan daitekeelako". Hala, kirol hori egiten hasi gura duena Eltzian lokala duen Oñatiko Xehatu78 taldearengana joan daitekeela gaineratu dute.

Sarrera gehienak, salduta

Kontzertuak gaztelekuan izango dira, 22:00etan. Bost taldek joko dute: Hamarratz, Inguma, Lehen Lerroa, Lee-Kore eta Rebel Noise. Sarrera gutxi gelditzen dira.

Oñatikoak dira lehen lau taldeak eta Arrasatekoa da bosgarrena, abeslaria Oñatikoa den arren. Herrikoen artean, laugarren diskoa aurkeztuko du, adi- bidez, zapatuko kontzertuan Lee-Kore taldeak: Zauria. Euskaraz abestutako zazpi kantu gogor ditu lanak, gaztelera eta errusiera ere entzuten bada ere. Hardcore doinuak ardatz, "ahotsik ez dutenen bozgorailu" izan gura du taldeak, eta bide horretatik doaz bilduma berriko hitzak ere. Martxoaren erdialdean egin zuten disko berriaren lehen kontzertua, Zumaiako Torreberri gaztetxean, eta zapatuan Oñatin aurkeztuko dutela aurreratu du taldeko abeslari Aitor Atxak. Eta Lee-Kore taldeak laugarren lana atera duen bitartean, Rebel Noiseren ibilbidea amaitu dela iragarri du Arrasateko taldeak. Azken kontzertuetako biran sartuko da zapatuan taldea; Oñatikoa izango da azken lau kontzertuetako lehena. "Egunero ikusten dugu faxismoa indarra hartzen ari dela, eta horren aurka ahotsa altxatu gura dugu guk ere Oñatiko Antifa Egunean parte hartuz", dio taldeko abeslari Aimar Iturricastillo oñatiarrak.

Elkartasun kontzertua

Aldarrikapen eta elkartasun kontzertuak izango dira. Izan ere, kontzertuak dauden bitar- tean, gaztelekuko barra ere zabalik egongo da, eta hortik eta sarreretatik lortutako dirua –taldeek ez dute kobratuko– urriaren 12ko gertakarien on- dorioak diruz laguntzeko izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak