Mikel Ugartek (Oñati, 1993) joan den zapatuan Hegoafrikako ironmanean pro mailan laugarren sailkatuta (7:59:00) lortu du urrian Hawaiin jokatuko duten ironmanerako sailkatzea. Hain zuzen, lasterketako lau azkarrenendako zegoen Konarako slot edo txartela, eta korrikako saio ikusgarria eginda iritsi zen txantxikuarra laugarren. Euskal Herrian gutxi batzuen esku egon da Hawaiin pro kategorian lehiatzea: Llanos anaiak, Gurutze Frades edota Virgina Berasategi moduko izenak nabarmendu behar dira, ez dira gehiago. "Horiek idoloak izan dira niretako, Hawaiiko ironmanera joaten zirenean txundituta geratzen nintzen. Nik oso urrun ikusi izan dut helburu hori, baina urteotan egindako lanaren saria jaso dut orain, eta pisu handia kendu dut gainetik, egindako esfortzuak merezi izan duelako".
Orain arteko emaitzarik onena izan da, Mikel?
Beste ironman batzuetan podiumera igo izan naiz, eta denbora hobeak ere egin izan ditut. Hain justu, 7:37 da Ironmanean daukadan marka onena, eta orduan ere laugarren egin nuen. Baina bai, kontuan hartzen badugu Hegoafrikako laugarren postu honi esker Konarako (Hawaii) slot-a lortu dudala, bai, lasterketa onena izan da, zalantzarik gabe.
Aipatu dugu zer-nolako triatletek lortu izan duten Hawaiirako pro mailan sailkatzea...
Oso kontziente naiz bai Euskal Herri mailan eta baita Estatu mailan ez daudela hori lortu duten triatleta asko; nire idoloak izan dira, eta, egia esan, Hawaiira joatea amestu ere ez dakit egin dudan, oro urrun zegoen zerbait zela ikusten nuelako. Amets izatera iritsi barik, errealitate bilakatu da, eta oso pozik nago egindakoarekin.
Debagoienean Aritz Kortabarria eta Mikel Mujika bergararrak etortzen zaizkit burura. Haiek ere Hawaiin lehiatu ziren, baina euren adin tarteko kategorian. Zu profesionalekin lehiatuta sailkatu zara. Zure bizimodua bateragarria da kategoria horretan lehiatzearekin?
Ez da oso bateragarria, ez [Barre]. Egia da ni pro kategorian lehiatzen naizela, baina ez naiz triatleta profesionala. Profesionalak dira kirol jarduera hori egitetik diru sarrerak izaten dituztenak, eta nik ez dut halakorik. Nik, kasurik onenean, lasterketaren batean sarietan diru apur bat jasotzen badut, diru hori zuloren bat edo beste tapatzeko erabiltzen dut, baina nire lanbidea entrenatzailea izatea da. Beste lurralde batzuetan triatletek bestelako laguntzak izaten dituzte, babesleen laguntzak... Euskal Herrian edo Espainia mailan triatletek laguntza txikia izaten dute.
"Profesionalekin lehiatzen naiz, baina ni ez naiz profesionala, hau ez da nire ogibidea"
Horrenbestez, esfortzua ekonomikoa ere bada...
Zalantzarik gabe. Eta momentua aprobetxatu nahiko nuke aldarrikapen txiki bat egiteko. Eta da kirol arloarekin harremana duten marka komertzialei edo bestelako enpresei babesa eskatzeko. Akaso, hemen ez dago halako kulturarik, baina beste leku batzuetan enpresa pribatuek atletak babesten dituzte, eta uste dut enpresa horiek bueltan ere asko jasotzen dutela, irudi aldetik... Azken baten, inbertsio txikia eginda izugarri laguntzen diote kirolariari.
Garai batean ironmanean zortzi orduko langatik jaistea lorpena zen. Gaur egun, ez da nahikoa.
Duela pare bat urte lortu nuen 8 orduko langatik lehenengoz jaistea; hura zen nire ametsa, eta dagoeneko bost alditan egin dut hori. Hegoafrikan sailkapeneko lehenengo laurak jaitsi ginen zortzi ordutik, baina hangoa oso ironman gogorra da; bereziki, bizikletako tartea: errepidea egoera txarrean dago, bero egiten du, haizeak zakar jotzen du... Baina egia da lehen lorpen garrantzitsua zen horrekin gaur egun inork ez dizula ezer ziurtatzen; alegia, zortzi ordutik jaistea ez da nahikoa aurrean ibiltzeko. Oraingo asteburuan Texasen (AEB) beste ironman bat izan da, eta 30 lagunek lortu dute zortzi ordutik jaistea. Gaur egun, aurrean ibiltzeko 7:30eko markatik gertu egon behar da.
"Entrenamenduak lana dira; nekatuta egon arren, eguraldi txarra bada... ezin da hutsik egin"
Ironmanetan emaitzak ondo daude, baina bideaz, prozesuaz, gozatzen ez duenak…
Ez pentsa... Sarritan aipatzen da hori, baina nik gozatu oso momentu gutxitan egiten dut; normalean, sufritu egiten dugu gehiago [Barre]. Azken batean, hau lanbide bat moduan hartzen dut, lantegira zortzi orduz lanera joan behar duen horrek bezala. Hanketako mina izan, nekatuta egon, motibaziorik gabe, eguraldi txarra... berdin-berdin entrenatzea tokatzen da; egunero, gainera. Halako emaitzak datozenean gozatu egiten dugu, edo, sikiera, pasatako miseriak ahazten laguntzen digute.
"Entrenamenduak lana dira; nekatuta egon arren, eguraldi txarra bada... ezin da hutsik egin"
Orain ze asmo duzu?
Bada, egia esan, orain momentuan egutegia zuri daukat. Hegoafrikan Hawaiirako slot-a [txartela] lortu izan ez banu, datozen hilabeteetarako beste ironman bat non egin aukeratzen ibiliko nintzen, baina, lortu dudanez, oraingoz ez dakit zer egingo dudan. Hasteko, atseden apur bat hartzea tokatzen da orain. Bestalde, ni ez naiz lasterketa asko egitekoa, nahiago izaten dut egiten ditudan apurrak ondo prestatu, eta, orain arte, Hegoafrikakoa ondo egitea zen helburua. Badakit urriaren 10ean Hawaiin izango naizela, eta ikusiko dut ze lasterketa diren egokiak hura ondo prestatzeko.
Bide batez, ez dugu zapatuko lasterketaren gainean berba egin; egiguzu laburpen bat.
Gustura geratu nintzen igeriketako saioarekin. Itsaso nahiko zakarra zegoen, baina erritmo onean egin ahal izan nuen igeri; zazpigarren irten nintzen uretatik (52:24). Baina bizikleta gainean etorri ziren arazoak (4:23:20). Nire erritmoa hartu nuen, baina jendea pasatzen hasi zitzaidan. Hasieran ez nion garrantzi handirik eman, beste maila batean zeuden triatletak zirela jakinda nirearekin jarraitu nuen, baina geroago eta atzerago nindoan, eta pentsatu nuen hobe nuela Hawaiiko helburuarekin ahaztu. Korrikako saioa, berriz, erritmo onean hasi nuen (2:39:21). Entrenamendu saio politak eginda neuzkan, eta jendea aurreratzen hasi nintzen, laugarren postura iritsi nintzen arte. Orduan ere zalantzak nituen, beste batzuetan izandako txakalaldiaren esperoan nengoen eta [Barre], baina ez nuen halako arazorik izan, eta laugarren postuari eutsi ahal izan nion.