Udaltzainak 24 orduz egotea eskatu du EAJk, asteburuetan barne

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 22a

Amaia Erostarbe udal bozeramaile jeltzalea Udaltzaingoaren eraikinaren aurrean.

Ertzaintzarekin lankidetza indartzea eta Udalean Segurtasun Mahai bat sortzea ere proposatu ditu alderdi jeltzaleak.

EAJren udal taldeak "herriko segurtasuna hobetzeko beharra" dagoela ekarri du gogora eta udaltzainak 24 orduz egotea eskatu du."Ezinbestekoa da Udaltzaingoaren zerbitzu bat izatea 24 orduetan, batez ere asteburu gauetan, segurtasun arriskuak eta beharrak handitzen direnean. Ordu horietan poliziaren presentzia ezak kezka sortzen du oñatiarren artean, une oro babestuta sentitzea merezi baitute", dio Amaia Erostarbe Letamendi jeltzaleak, alderdiak bidalitako prentsa oharrean.

Horrez gain, "Ertzaintzarekiko lankidetza indartzearen garrantzia" ere azpimarratu du, "hala eskatzen duten egoeretan koordinazio arina" bilatuz. "Oñati udalerri aktiboa da, biztanleria askotarikoa eta dinamismo handikoa. Beharrezkoa da Ertzaintzarekin lankidetza indartzea, edozein larrialdi egoerari berehala erantzuteko eta guztion segurtasuna bermatzeko".

Segurtasunaren gaiari lotuta, Udalean Segurtasun Mahai bat sortzea ere proposatu du alderdi jeltzaleak, "EH Bilduren Udal Gobernuarekin, eta asteburuetan, gauetan barne, poliziaren zerbitzu zabalpena eskutik lantzea". "Segurtasunak lehentasuna izan behar du. Oñatik udaltzaingo zerbitzu indartsua merezi du,
gehien behar denean eskuragarri egongo dena", gaineratu du Erostarbek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak