Debagoieneko triatletak lehenago ere egon izan dira Konako Ironmanean esku hartzen, nahiz eta ez diren asko. Aritz Kortabarria edo Mikel Mujika bergararrak aipa genitzake, esaterako. Hawaiikoa da distantzia luzearen sorterria, eta disziplina horretan dihardutenendako ametsa da bertan lehiatzea, baina harako slot-a –edo txartela– lortzea ez da batere erraza, lasterketa jakin batzuetan onenen artean egon behar izaten da. Eta are zailagoa da, noski, txartel hori 'pro' edo profesionalen kategorian lortzea.
Hori horrela, Euskal Herrian Llanos anaiek, Virginia Berasategik edota Gurutze Fradesek lortu izan duten hori lortu du asteburuan Mikel Ugartek, alegia, maila goreneko mailan Hawaiira sailkatzea. Gasteizen bizi den txantxikuarrak laugarren egin du asteburuan jokatu duten Hegoafrikako Ironmanean, eta hain zuzen, lasterketa horretan lau azkarrenek zuten Hawaiirako slot-a.
Gorabehera handiko lasterketa
Oñatiarrak azaldu du gustora geratu zela igerian egindako tartearekin. "Itsaso nahiko zakarra zegoen, baina erritmo onean egin ahal izan nuen igeri, eta ez nintzen askorik nekatu, ondo irten nintzen uretatik". Ugartek zazpigarren irten zuen uretatik 52:24 eta orduan hasi zituen bizikletako lanak, alegia, 180 kilometro aurretik. "Fresko nengoen eta aurreikusitakoa baino azkarrago hasi nintzen bizikletan, baina hasierako kilometroetan normala izaten da hori, indarrez zaudelako. Gero, behin erritmo egonkor bat hartuta, jendea pasatzen hasi zitzaidan. Hasieran ez nion garrantzia handirik eman, beste gabe, beste maila batean dauden triatletak zirela jakinda nirearekin jarraitu nuen, baina kilometroek aurrera joan ahala ikusten nuen atzera nindoala, eta zintzoa izanda, ez nintzen pasatzen zidaten horiei erritmoa eusteko kapaz. Hasi nintzen pentsatzen sufritzeko eguna izan behar zela, eta hobe zela Hawaiiko helburua burutik kentzea, une horretan aukera guztiak galdu nituela uste nuen". Bizikleta gainean bizi izandakoak sailkapenak berretsi zuen, ez zen oñatiarraren tarte onena izan (4:23:20), bizikletako tartean 16. denbora onena egin zuen eta.
Korrikako tartean erakustaldia
Baina jarraian etorri zen korrikako tartea, eta hor bai, korrika egin beharreko 42 kilometroetan erakustaldia eman zuen Ugartek (2:39:21). Pentsa, lasterketa irabazi zuen Matthew Marquardt bakarrik izan zen kapaz oñatiarrarena baino marka hobea egiteko (2:39:07), 14 segundo azkarragoa izan zen triatleta estatubatuarra. Alegia, bi horiek bakarrik izan ziren gauza korrikako tartea 2:40ko langatik jaisteko. "Erritmo onean hasi nintzen korrika, eta jendea aurreratzen hasi nintzen. Banekien korrikako tartean entrenamendu saio politak eginda neuzkala, baina inondik inora ez nuen uste laugarren posturaino iritsiko nintzenik. Egia esan, postu horretara iritsi nintzenean ere ez nuen pentsatu Hawaiiko helburua eskura neukanik, izan ere, beste lasterketa batzuetan izandako txakalaldiaren zain nengoen [Barre], baina ez zen halakorik egon. Atzekoak ere gertu nituen, erritmoa jaitsiz gero banekien gainean izango nituela, lauzpabost laguneko taldea zetorrelako gertu, baina lasterketako azken tartean ez nuen beherakadarik izan, eta euretako batzuek bai".
Hala, Matthew Marquardt (7:42:56), Joe Skipper (7:56:18), Tristan Olij (7:58:28) eta Mikel Ugarte (7:59:00) izan ziren 8 ordutako markatik jaitsi ziren bakarrak. "Oso pozik nago, goizeko 10:00etan esango balidate laugarren egin behar nuela, edo bizikleta gainean nindoan bitartean... Apirila da eta dagoeneko bete dugu urteko helburua. Aurrerantzean ez dakit ze kategoriatan lehiatuko naizen, baina urrian Hawaiin izango naiz. Eskerrak eman nahi dizkiet bide honetan ondoan izan ditudanei".