Segurtasunari lehentasuna emateko eskatu diote enpresari Garayko langileek

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 21a

Goizean enpresaren sarrera nagusian egindako elkarretaratzea.

Lan istripu gehiagorik gertatu ez dadin, enpresak segurtasunean egin beharreko inbertsioetan aurrerapausoa ematea eskatu du goizeko elkarretaratzean Hijos de Juan de Garayko enpresa batzordeak.

 

Hijos de Juan de Garay lantegiko enpresa batzordeak deituta –LAB eta ELA daude batzordean– elkarretaratzea egin dute goizean langileek enpresaren sarrera nagusian. Segurtasunean egin beharreko inbertsioei "lehentasuna" emateko eskatu diote enpresari, "lan istripu gehiagorik ez" gertatzeko. "Komitearen aldetik aspalditik dugun aldarrikapena da. Gura duguna da enpresak, beste gauza batzuetan inbertitzen duen moduan, segurtasunean ere inbertitzea, denok izateko lan baldintza duinak eta istripurik ez edukitzeko", adierazi dute komiteko kideek agerraldiaren ostean.
 
Joan den eguen goizean eskuko behatz bat anputatu zioten langile bati lanean ari zen makinarekin istripua izan ostean. Horren aurretik beste batzuk ere egon direla gaineratu du enpresa komiteak eta horiek saihestu egin behar direla: "Horren aurreragoko astean, produktu kimiko batek sortutako intoxikazioa egon zen eta aurretik ere egon izan ohi dira intzidente batzuk makinetan. Ekoizpenaren eta segurtasunaren artean ezin da bata edo bestea aukeratu, biak gauzatu behar direlako. Bagabiltza eskatzen makina zaharren inguruko egokitzapenak egitea, baina blokeatuta gaude. Askotan lehentasuna ematen zaie langileen segurtasun kriteriorik ez duten beste gauza batzuei, eta eskatzen duguna da segurtasuna lehen lerrora ekartzea. Lehenengo segurtasuna dela entzun diogu enpresari askotan, eta horrelaxe izatea eskatzen diogu".
 
Hijos de Juan de Garyko enpresa komitearen esanetan, istripu bat gertatzen den aldiro aldarrikatzen dira hartu beharreko neurriak, "baina beti eskatzen dugu komitetik gauzak istripuak gertatu aurretik egin behar direla, langileak min hartzea ekidin behar dela, eta ez partxea bat jarri behin istripua gertatu denean". 

 

Segurtasun komitea martitzenean

Hileko azken martitzenetan elkartzen da enpresako segurtasun komitea –enpresako ordezkariak eta komiteko lan prebentzioko delegatuak elkartzen dira–. Hurrengo astean egingo dute apirileko bilera, ohikoa –laneko segurtasun eta osasunaren egun berean–, "eta hor beste behin, komitearen aldetik, salaketa hau egongo da. Gaurko aldarrikapen honek indarra emango digu, ikusten delako langile danok gaudela batera gai honetan, denon eskaera irmoa dela, eta berriz eskatuko dira esku-hartzeak egotea segurtasun neurrietan".
 
Enpresa batzordeak adierazi du enpresatik orain arte jaso duten erantzuna izan dela ari direla gai horretan lanean, baina erritmoa geldoa dela deritzote langileek. "Uneoro dago langilearen osasuna jokoan eta lehentasuna berehalakoa izan behar da, batez ere zaharkituta dauden makinak daudenean. Osalan eta lan ikuskaritza ere egon izan dira enpresan eta haiek ere ikusi dute hori. Istripuak egoten dira, oraindik badaude lan heriotzekin gogoratzen diren langileak ere, eta ez genuke nahi horrelako egoerarik bizi behar izatea. Ez da kasualitatearen eskuetan utzi behar, eta hori da langile denok aldarrikatzen duguna". 
 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak