Gizon bat atxilotu dute Oñatiko taberna bateko zerbitzaria pistola simulatu batekin mehatxatzeagatik

Mirari Altube Arrese 2026ko apirilaren 20a

27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, atzo, domeka, Oñatin, lapurretan saiatzeagatik beldurra eraginez. Atxilotuak airsoft pistola simulatu bat erakutsi zion ostalaritza-lokal bateko zerbitzariari telefono mugikorra eman ziezaion. Biktimak ihes egin zuen.

Ertzaintzak atzo, apirilak 19, 19:30ak aldera jaso zuen Oñatiko taberna bateko arduradunaren deia esanez lapurtzen saiatu zirela pistola batekin mehatxatuta. Deba-Urolako ertzain etxeko patruilak bertaratu ziren eta tabernako zerbitzariak azaldu zien lokalaren kanpoaldean izan zela gertaera, telefonoz hizketan ari zenean. Horrek azaldu zuenez pertsona bat hurbildu zitzaion kalean eta telefono mugikorra emateko esan zion. Bi aldiz ezetz esandakoan, gizonak gerrian zeraman pistola erakutsi zion. Hori ikusita korrika alde egin zuen eta kalean zihoan pertsona bati laguntza eskatu zion.

Ertzaintzatik prentsa-ohar bidez adierazi dutenez gertaera lekutik gertu topatu zuten gizonaren deskribapen fisikoarekin bat zetorren pertsona bat, eta egiaztatu zuten pistola bat zeramala ezkutatuta. Airsoft arma simulatu bat zen eta konfiskatu egin zioten. 

Atxilotu egin zuten gizonezko hori beldurra eraginez lapurtzen saiatzeagatik, eta ertzaintzaren esanetan "patruilarekiko jarrera asaldatua eta oldarkorra" erakutsi zuen une horretan. Atxilotua epailearen eskuetan jarriko dute dagozkion eginbideak amaitu ondoren.

Ertzaintzak konfiskatutako 'airsoft' arma simulatua. (Argazkia: Ertzaintza) 

Domeka goizaldean liskarra

Bestalde, aurretik, domeka goizaldean, liskar bat izan zen Oñatin. Ertzaintzak baieztatu du 04:30ak inguruan Unibertsitate etorbidean lagun bat baino gehiagoren arteko liskarra egon zela. Bekainean zaurituta suertatu zen euretako bat eta anbulantzian Arrasateko ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak gaineratu du ez zela atxiloturik egon.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak